Urkulluren ustez, «ezker abertzalearen ortodoxiak» agintzen du EH Bildun

EAJko lehendakarigaiak koalizioko kideei galdetu die egoera horretan eroso dauden; Zabaletak «urduri» ikusten du UrkulluMintegik berretsi egin du «bat egiteak» bultzatuko dituela EH Bilduk

EH Bilduren balizko gobernu taldea, igandean Donostian eginiko aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidente eta Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaiak uste du ezker abertzaleak gidatzen duela EH Bilduren jarduna, eta adierazi du koalizioaren atzean ezker abertzalearen «ortodoxia» ezkutatzen dela. «Herritarrek jakin behar dute ezker abertzale marxistaren teoria defendatzen duen talde politiko baten aurrean gaudela».

EH Bilduk Lehendakaritza eskuratuz gero osatuko lukeen gobernu taldearen aurkezpenaren biharamunean egin ditu adierazpen horiek Urkulluk, eta Espainiako Ser irratiak eginiko elkarrizketa bat baliatu du EA, Aralar eta Alternatibako kideei galdetzeko koalizio horretan eroso dauden edo ez. Orain artekoari erreparatuz, «keinu estalinistak» edo barne demokrazia gabeziak antzeman ditu Urkulluk EH Bilduren jardunean. «Ni behintzat ez nintzateke eroso egongo lehendakarigaia nola aukeratu duen esaten ez duen alderdi batean». «Koalizio horretan dauden eta ezker abertzalean inoiz izan ez direnak eroso badaude politika ulertzeko eta egiteko modu horrekin, hor konpon», gaineratu du.

Ez da aurreneko aldia EAJk argudio hori erabiltzen duela ezkerreko subiranisten batasunaren aurka. Bilduk gidatzen dituen instituzioetan, eta Gipuzkoako Foru Aldundian bereziki, jeltzaleek salatu dute erakunde horien atzean ezker abertzalearen gidaritza dagoela eta Bilduko kide batzuk ez direla eroso sentitzen. Koalizioko alderdiek, baina, ukatu egin dute hori, eta salatu dute EAJko kritiken helburua subiranisten indar metaketa higatzea dela. Jarrera horren atzean jeltzaleen «urduritasuna» nabari delaadierazi zuen atzo Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak.

Joan den astean argitaratutako Euskobarometroaren arabera, EAJ eta EH Bilduren arteko lehia oso estua izango da. Hori hala, jeltzaleek EH Bildu ezker abertzalearekin identifikatzera jo dute, horrek EAJri mesede egingo liokeelakoan, boto abertzalea erakarri asmoz.

Urkulluk argi du zein izan behar duen jeltzaleen helburua: bozak irabazi eta, horrekin batera, Lehendakaritzako ateak ixtea koalizio subiranistari. «EH Bilduk gobernatzeko aukera ez izatea espero dut», esan du Ser irratian eginiko elkarrizketan. Buruzagi jeltzaleak berretsi egin du gutxiengoan gobernatzeko aukera ez duela baztertzen, baina «akordio zabalen» alde azaldu da. «Hauteskundeetako emaitzetan oinarrituta eta programak kontrastatu ondoren egingo ditugu balizko aliantzei buruzko kalkuluak», adierazi du. Hori hala, EAJko lehendakarigaiak esan du ez duela baztertzen akordioak egitea ez ezker abertzalearekin eta ez PSE-EErekin eta PPrekin.

EAJko lehendakarigaia akordioetarako «irekia» azaldu bada ere, EH Bilduk ez duela horretarako asmorik salatu du, baina, EAJren Bizkaiko hautagai eta BBBko presidente Andoni Ortuzarrek. Hark uste du koalizio subiranistak ez duela jeltzaleekin akordiorik egin nahi.

Adierazpen horiei erantzunez, Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak berretsi egin du koalizioaren asmoa «bat egiteak» lortzea dela, eta salatu du Ortuzarren jarrera. «Badirudi aurreiritzietan oinarritzen dela, lehen unetik esaten aritu bainaiz, eta konbentzituta bainago, bat egiteak beharrezkoak direla herri honetan», esan du lehendakarigai subiranistak Info7 irratian.

Hizkuntza berri bat

Besteak beste, balizko gobernu taldea aurkezteko herenegun eginiko ekitaldiaz mintzatu da Mintegi elkarrizketa horretan. Lehendakaritza eskuratuz gero, EH Bilduk sortuko lituzkeen sailak eta bertako sailburuak aurkeztu zituen koalizioak Miramongo Parke Teknologikoan. Gobernu talde parekidea eta euskalduna litzateke, eta 11 sail izango lituzke. Sailen izen aldaketa defendatu zuen Mintegik, «kontzeptu berriek hizkuntza berriak behar dituztelako». Koalizioaren ardatzak zeintzuk izango diren zehaztu zuen, halaber: Euskal Herri justuagoa lortzea eta burujabetza lortzeko oinarri sendoak ezartzea; eta «irtenbideak lortzeko aroa» dela adierazi zuen, «arazo errealei erantzun errealak emateko».

PSE-EEk «azpijoko estetikotzat» jo zuen balizko sailburuen aurkezpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.