Miarritzeko itsasargiaren inguruko erlaitzeko zati bat amildu egin zen atzo 20:30ean. Inguruan urpekaritza egiten ari ziren hiru pertsonaren gainera erori zen harri eta lur oldea. Horietako baten gorpua erreskatatu zuten; emakumezkoa zen. Beste bat bere kabuz atera zen uretatik. Hirugarrenaren berririk ez dago.
Erreskate taldeak zabaldu ziren inguruan, tartean helikoptero bat. Surflariak ere aritu ziren laguntzen. Baina erlaitzaren beste zati bat erortzeko arriskua zegoela eta, bertan behera utzi zituzten bilaketak. Gaur goizean hasi dira berriz, mareabehera zegoela. Baina arratsaldean eten egin dituzte berriz, eta suhiltzaileek jakinarazi dute erreskate lanak Miarritzeko Udalaren esku utzi dituztela.
Udalak berretsi du datozen egunetan berriz hasiko dituztela desagertutako urpekaria bilatzeko lanak.
Lekukoen arabera, inguruan dagoen Bernain hondartza jendez mukuru zegoen ordu horretan, eta erlaitzaren inguruan igerian ere ari ziren bat baino gehiago. Bertatik bertara ikusi zuten ezbeharra. Hondartza eta inguruko eremu guztia itxi egin dute.