Urpekari baten gorpua aurkitu dute Ondarroako portuan

57 urteko gizonezkoa atzo desagertu zen. Gauean ekin zieten hura bilatzeko lanei, eta gaur goizean aurkitu dute gorpua.

Ondarroako portua, artxiboko irudi batean. IRATXE RODRIGUEZ / EFE
Ondarroako portua, artxiboko irudi batean. IRATXE RODRIGUEZ / EFE
2026ko uztailaren 13a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urpeko arrantzan ari zen gizonezko bat hil da Ondarroan (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, 57 urteko urpekaria atzo desagertu zen, eta hura aurkitzeko operazio bat jarri zuten martxan gauean. Gaur goizean topatu dute, hilik.

Gizonezkoaren senide bat izan zen, SOS Deien bidez, larrialdi zerbitzuei desagerpenaren berri eman ziena. Segurtasun Sailaren arabera, adierazi zien Ondarroako portu ingurura joana zela, urpeko arrantzan aritzera, baina ez zutela haren berririk eguerditik.

Horren berri izanda, Ondarroako ertzain etxeko patruilak eta Gurutze Gorria eremu hartara bertaratu ziren, eta desagertutako gizonaren arropak zituen orga bat aurkitu zuten, baita buia bat ere uretan. Hala, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko urpekariei deitu zieten. Gaur, eguna argitzean, droneak, helikoptero bat eta Itsas Salbamenduko ontzi bat ere aritu dira bilaketa lanetan. Azkenean, 10:15 aldera aurkitu dute haren gorpua. Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA