Igandeko Aberri Eguneko ospakizunetan parte hartu zuten herritarrek agertutako «nahia» instituzioetara eraman nahi du EH Bilduk, eta konpromisoa agertu du udaletan eta foru instituzioetan erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoak osatzeko. «Herri honek erakutsi du erabakitzeko eskubidea praktikan jarri nahi duela, guztiaz erabaki nahi duela, ez duela jarraitu nahi Espainiako eta Frantziako estatuei lotuta», azpimarratu dute Maribi Ugarteburu legebiltzarkideak eta Adolfo Araiz koalizioaren Nafarroako zerrendaburuak. Aberri Egunaren balorazioa egin, Euskal Bidea deituriko proposamenaren gakoak azaldu, eta maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begirako mezuak adierazi dituzte EH Bilduko bi bozeramaileek, Donostian egindako prentsaurreko batean.
Aberri Egunaren harira eginikoadierazpen eta aldarrikapenenetatik abiatuz, Ugarteburuk azaldu du EH Bildu dela gaur egun erabakitzeko eskubideari buruz «argi» mintzatzen den «bakarra», eta gogorarazi du xede hori lortzeko bide orri bat duela. «Herritarren nahiekin eta borondatearekin bat eginez, erabakitzeko eskubidea egikaritzeko urrats zehatzak egin nahi ditugu, horretarako prest dauden herritar eta eragile guztiekin», azaldu du.
Bereziki jeltzaleei mintzatu zaie Ugarteburu. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak igandean esan zuen bere alderdia prest dagoela subiranistekin «kapitulu berri bat hasteko», betiere «aurrekoa ondo itxiko balitz».Hitz horiek zuzenean aipatu ez baditu ere, Ugarteburuk esan du «batzuk» ezkutatu egiten direla «aitzakietan eta hitz hutsaletan», eta azpimarratu du haiek «akordio politiko sakonak ehuntzeko» prest daudela erabakitzeko eskubidea aintzat hartzen duten guztiekin, abertzaleak izan zein ez.
Era berean, Ugarteburuk gogorarazi du koalizioak «prozesu eratzaile» baten barruan kokatzen duela bere proposamena, eta Euskal Herriko «egoera juridiko-administratibo ezberdinak» hartzen dituela «abiapuntu». «Hiru abiapuntu desberdin, hiru erritmo eta abiadura bereizi, etapa eta prozedura propioak, kontsulta eta galdera desberdinak, baina helburu bakarra». Horrekin batera, EH Bilduko kideak «aldebakarrekotasunaren aldeko apustua» berretsi du, haren ustetan antzua delako Espainiako Estatuaren «baimenen zain jarraitzea»: «Gure herriak bere etorkizunaz erabaki ahal izatea Euskal Herrian egin eta gauzatu behar dugun zerbait da. Gure artean eraiki behar ditugu horretarako aukerak», azpimarratu du.
«Oso arrakastatsua»
Independentistak sareak, berriz, ohar labur baten bidez egin duigandean Iruñean izaniko Aberri Egunean antolatutako ekitaldien balorazioa. Azpimarratu du «oso arrakastatsuak» izan zirela, eta parte hartzea eta «ekimenaren indarra» gora ari dela egiten urtetik urtera. Hara joan ziren guztiak eta antolakuntzan aritu zirenak zoriondu ditu, halaber, sareak. Horrez gain, azpimarratu du Aberri Egunaren «arrakastak» hauspotu egiten duela sarearen eguneroko lana: «Badugu zer egin independentziaren aldeko gehiengo sozial zabalak metatu eta aktibatzeko lanean. Alde horretatik, gure auzolan independentistan parte hartzeko deia egiten diegu herritar guztiei».
«Urrats zehatzak» eskatu dizkio EH Bilduk EAJri erabaki eskubideari buruz
«Aitzakiak» albo batera utzi eta instituzioetan gehiengoak osatzera deitu du.«Gu prest gaude ahalegina egiteko», esan du Ugarteburuk

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu