Baiona eta Hendaia lotzen dituzten autobus zerbitzuak deigarri dira. Lotura hori berez bermatzen du Baiona-Donostia autobusak, baina egunean bi bertzerik ez dira. Geldiuneak egiten ditu Miarritzen eta Donibane Lohizunen eta oren bat inguru ematen du Hendaiara heltzeko. Bestalde, Baiona eta Donibane Lohizune eta Donibane Lohizune eta Hendaia lotzen dituen autobusa dago. Oren eta erdi irauten du bidaiak, pausa luzea ez bada.Kontseilu Nagusiak guneka banatu du Lapurdi eta batetik bertzera pasatzean, bidaia euro batez emendatzen da. Baionatik Hendaiara joateko hiru euro ordaindu behar dira.Baiona eta Kanbo arteko autobus ardatzak aipamen berezia merezi du. Uztaritze biziki handitu da azken urteotan eta zerbitzuak ere gora egin du. Alta, gunearen arabera, bi euro ordaindu behar dira Baionara joateko.Zerbitzurik eraginkorrena Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkargoaren inguruan antolatuta dago. Hiriburu, Bokale eta Tarnoze ere hartzen ditu bere eremuan. Bidaiak abantzu oren erdiro dira eta euro pasa balio du txartelak. Oren bateko epean, bidaiariak bertze autobus lerro bat har dezake ordaindu gabe. Trabarik nagusiena ordutegia da. Goizean goiz abiatzen bada ere, 20:30ak aldera bukatzen baita.Eremu horietan kokatzen ez diren herrietako biztanleek ez dute zerbitzurik. «Egunero aitak edo amak eraman behar naute Uztaritzera, handik Baionara joateko», dio Marc Marechal 17 urteko gazteak. Milafranga ez da ardatz horretan kokatzen eta bre kabuz antolatu behar du bidaia. Etxean bi auto dituzte, hiru Marc-ek 18 urte betetzen dituenean. Zenbait herri txikietan eskola garraioa erabiltzen dute helduek.
Urrezko burdinbidea
Preziorik apalenean edo Abiadura Handiko Trena hartuz, Baiona eta Hendaia arteko trenak abantzu orduro har daitezke. Alabaina, prezioak ematen du pentsatzeko parada: 2,10 euro ordaindu behar dira Baionatik Miarritzera joateko, lau Donibane Lohizunera joateko eta sei Hendaiara heltzeko. Udan ordutegi berezia antolatuko du SNCF tren konpainiak eta %25 merkatu nahi du bidaia, ordutegiaren arabera.
Eskualdeko trenak Akitaniako Kontseiluaren eskumena dira. Autobusak bezala, zerbitzua aldatzen da egunaren arabera, asteazkenetan eta asteburuan e baitago eskolarik eta eskaintza murritzagoa da. Prezioa ere handia da eta 7,70 euro ordaindu behar dira Donibane Garaziraino joateko.Urteetan biziki murritza izan da garraio eskaintza eta dagoeneko autoen erabilpena gauza arrunta da. Garraio publikoaren ordutegiak ez ditu jendeak asetzen, prezioak garesti dira eta 18 urte betetzen dituzten unetik, gazteek natural ikusten dute autoa erostea. Zerbitzuak eta langile zein ikasleen ordutegiek ez dute bat egiten.
Bihar: Nafarroa
-
ZERBITZU BEREZIAK
Taxia edo anbulantzia gaixo eta ezinduentzat
Gizarte Segurantzak eta mutuek beren gain hartzen dute eritasuna. Gaixoa herri txiki batean bizi bada, autorik ez badu edo arazo larriren bat badu, herriko taxia edo anbulantziak deitzen ditu. Kasu batzuetan larrialdiak izaten dira, bertze batzutan erietxean ohiko artatzea egiteko soilik. Bi kasuetan osasun egiturek beregain hartzen dute garraioa. Gehiegikeriak ere izan dira eta orain taxien eta anbulantzien kontrola zorrotzagoa da. Mugitzeko ezintasuna duten pertsonen kasuetan garraio zerbitzu bereziak ere antolatu dituzte. Horrela, Kanbok autobus zerbitzu berezia antolatu du, Kontseilu Nagusiaren laguntzarekin. Mugikortasun urriko pertsonek bezperan deitzen dute eta biharamunean autobusa zain daukate eskatu duten tokian.
Alain Couzinier -Kontseilu Nagusiko herri garraioaren arduraduna
«Autoak ematen duen askatasunera lerratu da jendea»
A. R. - BAIONA
Azkenaldian autobus zerbitzua garatzeko erronkari heldu nahi dio Kontseilu Nagusiak. Lapurdin ukan du eraginik handiena, baina hala ere gutxi dira autoa eduki eta autobusa baliatzen duten herritarrak.
Hiri elkargotik at, jende gutxik baliatzen du autobusa. Zergatik?
Usaien eragina handia da eta urtetan biziki urria zen eskaintza. Prezioak ere biziki gora ziren eta autoak ematen duen askatasunera lerratu da jendea. Eskaintzan berean desoreka handiak genituen, izan dadin, ordutegietan, prezioetan edo bidaiarien kopuruetan. Departamenduan 9.000 ikaslek baliatzen dute herri garraioa, horietarik 4.500 eskola garraioaren bidez. Sare publikoak eta pribatuak osagarriak izan behar dute eta biak garatu behar ditugu.
Prezioak apaltzeko, guneen araberako ordainketa finkatu duzue. Eraginik izan du horrek?
Oro har, %40 eta %50 artean apaldu ditugu prezioak. Gaur egungo hirigintza ereduaren erronkari ihardestea da gure xedea. Orain autoa da jaun eta jabe bazter guztietan eta logika horrekin hautsi behar dugu.
Bidaiarien aldetik nabarmendu duzue aldaketarik?
Urte betean %60 emendatu da bidaiarien kopurua. Neke da urteotan metatu den defizitari epe laburrean ihardestea eta eraginkorra izatea horretan. Ipar Euskal herria oro har baserri eremua da eta bertze eskualde batzutan eraman ditugun esperientziak burutzen ari gara.
Zein dira berrikuntza horiek?
Autobus ardatz batean geldiune birtualak jarri ditugu. Pertsonaren batek baliatu nahi duelarik, aitzinetik daki ordutegia. Aski da telefonoz deitzea bezperatik eta autobusa han izanen da. Baina eskaririk ez delarik, ez dugu alperrik igorriko autobus bat. Urratsez urratseko logika hobetsi dugu. Baiona Hendaia edo Baiona Hazparne ardatzek ez dute sekula egitura bera ukanen, batean edo bertzean dagoen eskaria ezberdina delako. Ezberdintasun horiek kontuan hartu behar dira ikuspegi osoa osatzerakoan.
Toki anitzetan eskola garraioa baliatzen da helduak garraiatzeko. Eta opor garaian?@:Arazo handia da hori. Aurten zerbitzu bereziak eskaintzen hasi gara, gutxieneko eskaintza bermatzeko. Baina garraio ardatzen arteko lotura ere kontuan hartu behar da hori osatzerakoan eta ez da aise denen beharrei ihardestea. Nehork ez du maite alfer-alferrik beha egotea.