Atzo Bilbon egindako manifestazioaren "oso balorazio baikorra" egin du Sarek. Atzokoa ere gero aurrera begira jarri da, eta Frantziak presoak hurbilduko dituela iragarri ostean, Espainia mugiarazteko lan egingo duela jakinarazi du. "Azken hilabeteetan" hainbat eragilerekin kontaktuan egon dela jakinarazi ostean, urrian Madrilen manifestazioa egin nahi duela iragarri du. "Estatuak ez dira mugitzen, mugiarazi egin behar dira".
Atzoko manifestazioaren balorazioa egiteko prentsaurrekoa eman du gaur Sarek Bilbon, eta gogora ekarri du Europako Legebiltzarrak ere eskatu zuela euskal presoak Euskal Herriko espetxetara gerturatzeko. Joseba Azkarraga eta Begoña Atxa bozeramaileek jakitera eman dutenez, "hainbat kontaktu diskretu" izan dituzte azkenaldian, eta euskal presoen eskubideen urraketa lantzeko taldea sortuta daukate Espainiako estatuko hainbat eragilerekin, eta haien elkarlanaren ondorio izatea nahi dute Madrileko manifestazioa.
"Urte hau oso garrantzitsua izango da", esan du Azkarragak. Gizarte zibilak PPren esku dagoen Espainiako Gobernua mugiaraztea da beraien helburua.