Gaur goizean bukatu dira 28 gazte auzipetuen kontrako aste honetako saioak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Astelehenetik, gazteak jarraitu, atxilotu eta inkomunikazio aldian galdekatu zituzten poliziak aritu dira deklaratzen —torturatu egin zituztela salatu zuten Espainiako Poliziak atxilotutako hogei gazteetatik hemeretzik—. Gazteek eskatu zuten ez zutela bertan egon nahi, ez zituztela "torturatzaileen gezurrak" entzun nahi. Epaimahaiak entzungor egin zion eskaera horri. Egun hauetan, polizia batzuk ileordeko eta betaurrekoekin agertu dira gazteen aurrera. "Egoera horretan, konturatu gara zer zigorgabetasun daukaten poliziek", adierazi du Oihana Lopez auzipetuak.
Mobilizazio eguna
Aurreikusitako lekuko batzuk erretiratu egin ditu fiskaltzak, eta urriaren 20, 21, 22an egitekoak ziren saioak bertan behera geratu dira. Ondorioz, hilaren 30ean jarraituko dute deklaratzen poliziek, eta defentsaren lekukoen txanda izango da ondoren. Egun horretarako, torturaren aurkako mobilizazio eguna iragarri dute auzipetuek. "Euskal Herriko txoko guztietara" eraman nahi dute salaketa, eta datozen egunetan harremanetan jarriko dira arlo ugaritako eragileekin, urriaren 30erako mobilizazioak bultzatzeko asmoz.