EUSKAL HERRIA

Urriko epaiketak "garai berria irekitzeko erabakiaren aurkako erasoa" direla salatu dute

'Herriko tabernen' auzian 40 kide daude inputatuta, eta Segiko kide izatea egotzi diete beste 40 gazteri. 80 lagun epaituko ditu urrian Auzitegi Nazionalak, eta epaiketa hori salatzeko deitu dute urriaren 26rako manifestazio nazionalera.

2013ko ekainaren 29a
17:53
Entzun

Auziperatuetako kide batzuek agerraldia egin dute, Donostian. Karmelo Landak eta Itxaso Torregrosak hartu dute hitza gainerako kideen izenean. Landa 35/02 auzian dago inputatuta eta 10 urteko gartzela zigorra eskatzen dio fiskalak; Torregrosari berriz, sei urte eskatzen dizkio gazte mugimenduan lan politikoa egiteagatik.

Bakerako bidea blokeatu nahi izatea egotzi diote Espainiako estatuari: "Ez du halakorik lortuko". Erasoak salatzeko manifestazio nazionala deitu dute urriaren 26an: “Garai berria sustraitzeko herri osoaren beharra dago”.

Epaiketa “Euskal Herriari eginiko aurrez aurreko erasoa” dela azpimarratu dute, “garai berria irekitzeko erabakiaren kontrako erasoa”. Heuren aburuz gatazka “betikotu” nahi du Espainiako estatuak: “Makroepaiketak eginez, atzerriratuak atxilotuz, salbuespeneko zigorrak eta preso politikoen zigorrak mantenduz”.

Gogora ekarri dute Iruñerriko beste bost gazteren egoera, Espainiako Auzitegi Gorenak espetxe zigorra emango duen ala ez esperoan baitaude. “Gartzelara eraman nahi gaituzte, gu eta beste asko, espetxeak husteko garaia denean”.

Giltzarria herrian dagoela aipatu dute. Gisa horretako erasoei aurre egiteko herri harresia altxatuko dutela berretsi dute: “Herritarren konpromisoaren eta elkartasunaren bidez lortuko dugu”.

Erasoen gainetik Euskal Herria aurrera izango da manifestazioaren leloa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.