Urruntze agindua urratu, eta semearekin ihes egiten saiatu da gizon bat Bilbon

Semearengana ez hurbiltzeko neurria urratu du, eta, poliziengandik ihes egiten ari zela, beste kotxe baten aurka talka egin du. Gizona Gurutzetako ospitalean dago, eta uko egin dio alkohola eta drogak detektatzeko probak egiteari.

Bi udaltzain kalean, Getxon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bi udaltzain kalean, Getxon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko urtarrilaren 23a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko udaltzainek gizon bat atxilotu dute gaur goizean, semearengandik urruntzeko agindua urratzea eta poliziengandik ihes egitea egotzita. Ihesean zebilela, beste auto batekin egin du talka. Gainera, uko egin dio alkohola eta drogak detektatzeko probak egiteari.

Gaurko 05:00 inguruan, auto batek ihesari ekin dio Bilboko Julian Gaiarre hiribidean, udaltzainak inguruan zituela ikusita. Hainbat semaforo igaro ditu gorrian, eta poliziak haren atzetik abiatu dira. Autoari jarraika ari zirela, poliziek talka egin dute aparkatuta zeuden bi autorekin. Eta, jarraian, ihesean zihoan autoak ere talka egin du beste auto batekin. Auto horren barruan pertsona bat zegoen.

Ihesean ibili den gidaria harrapatuta geratu da autoan, eta alboan adingabe bat zegoela ikusi dute udaltzainek. Segituan jakin dute aita-semeak zirela eta aitak semearengana ez hurbiltzeko agindu bat zuela. 

Gidaria Gurutzetako ospitalera eraman dute, atxilotu gisa, eta semea udaltzainek artatu dute ama azaldu artean. Atxilotuak jo duen beste autoko gidaria hara bertaratu den anbulantziak artatu du.

Gizona urruntze agindua urratzea egotzita atxilotu dute, eta bide segurtasunaren aurkako delitu bat leporatuta ere ikertuko dute. Udaltzainek jakinarazi dute atxilotuak uko egin diola alkohola eta drogak hautemateko probak egiteari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.