eliza

Urtarrilaren 2an emango du azkeneko meza Juan Maria Uriartek

Handik astebetera hartuko du Donostiako gotzain postua haren ordezkoak: Jose Ignacio Munillak. Erretiroa hartuko du Uriartek, 75 urterekin.

2009ko abenduaren 19a
14:09
Entzun
Juan Maria Uriarte urtarrilaren 2an emango du Donostiako gotzain gisa azkeneko meza, Donostian bertan, Artzain Onean. Handik astebetera hartuko du haren lekua Jose Ignacio Munillak, nahiz eta Gipuzkoako parrokoen %77 izendapenaren aurka azaldu den.

"Saminez eta kezka handiz hartu dugu Munillaren izendapena Gipuzkoako Eliza presiditzeko eta gidatzeko. Gure elizbarrutiko eliz jardueraren gaitzespen zehaztzat eta, orobat, norabidea aldatzeko ekimentzat hartu dugu", esan dute aste honetan Gipuzkoako 85 parrokok.

Guztira 131 apaizek sinatu dute agiria. Haien artean, hamalau artzipresteetatik 11k bat egin dute testuarekin. Sei puntuko agirian, eliztarrek diote ez datozela bat, eta gaitzetsi egiten dituztela gotzain berriaren izendapena eta erabilitako prozedura.

Uriarte egungo gotzainak 75 urte bete dituenez, erretiroa hartu du. Vatikanoak Munilla hautatu du haren tokia hartzeko. Jarrera kontserbadorekoa da gotzain berria, Espainiako Elizako buru Antonio Maria Rouco Varelaren ildokoa. "Jose Ignacio Munilla jaunak bere apaiz lanean izan zuen ibilbidea elizbarrutiko lan ildoetatik urruti zegoen, eta ez zuen halakoekin bat egiten. Beraz, uste dugu ez dela inondik ere pertsona egokia gure elizbarrutiaren gotzain eta artzain eginkizuna betetzeko", azaldu dute Gipuzkoako parrokoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.