Urte bukaeran hasiko dira eraikitzen Donostiako Loiola auzoko osasun zentro berria

Gaur egun 7.500 herritar inguru bizi dira Loiolan, baina, aurreikuspenen arabera, urte batzuk barru 17.000 lagun biziko dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 9,4 milioi euro inbertituko ditu proiektuan.

Loiolako osasun zentro berriaren proiektua. IREKIA
Loiolako osasun zentro berriaren proiektua. IREKIA
2025eko abuztuaren 11
14:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datozen urteetan nabarmen ugarituko dira Donostiako Loiola auzoko biztanleak, etxe ugari eraikiko baitituzte bertan. Gaur egun 7.500 pertsona inguru bizi dira, eta datozen urteetan 17.000 biztanlera iritsiko direla uste dute. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 9,4 milioi euro inbertituko ditu Loiolan eraikiko duten osasun zentro berrian. «Hazten ari den auzo baten beharrei erantzuteko» egindako inbertsioa izango dela arrazoitu du Osasun Sailak. Informatu du proiektua lizitaziora atera berri dela. Obrak urtea amaitu baino lehen hastea espero dute, eta 24 hilabeteko epea izango dute horiek egiteko.

Txomiñenea auzoaren erdigunean izango da eraikina, Loiola eta Martutene arteko bidearen erdian. Gaur egun Antzieta pasealekuan dagoen zentroa ordeztuko du. Osasun Sailak adierazi du zentro hori ez dela «nahikoa» oraintxe bertan auzoan bizi diren pertsonei arreta emateko. Azpimarratu du eraikin berria egungoa baino «modernoagoa eta gaitasun handiagokoa» izango dela.

Lau solairu

3.307 metro karratuko eremu erabilgarria izango du eraikinak, eta Arteleku plazako lur zati bat hartuko du, Goikoene kalearen ondoan. «Zerbitzu gehiago eta irisgarritasun hobea» izango dituela azaldu du Osasun Sailak. Eraikinak lau solairu izango ditu, eta hirugarren solairua adikzioei bideratuko diote, «oso-osorik». 

Gainerako solairuetan, besteak beste, medikuen eta erizainen kontsultak, emakumeei arreta emateko kontsultak, fisioterapiako kontsultak eta gimnasio bat izango dira. Horrez gain, Osasun Sailak nabarmendu du hainbat bulego izango dituela, Biogipuzkoako ikerketa jarduera eta Irakaskuntza Unitatea bilduko dituztenak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.