Urte bukaerarako eginen dute Nafarroako ikerketa soziolinguistikoa

2003an egin zuten aurrekoa, eta 2006an Iruñerriko inkesta egin zuen talde berari agindu diote aurtengoa

Asier Azpilikueta.
2008ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Egin, eginen dute. 2007ko urrian Nafarroako gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Perez-Nievasek agindu bezala, Nafarroako ikerketa soziolinguistikoa eginen dute, azkenean. Nafarroako Gobernuak atzo informatu zuenez, Euskarabideak Ikertalde enpresari agindu dio ikerketa, «Euskarak Nafarroako Foru Erkidegoan bizi duen errealitate soziolinguistikoaren berri izateko».

Emaitzak Nafarroako Parlamentuari aurkeztu beharko dizkiete, urtea bukatu baino lehen. Eta ikerketaren truke 52.780 euro ordainduko dituzte.

Krisi ekonomikoa dela eta, Nafarroako Gobernuak murrizketak egin ditu hainbat diru sailetan, eta Euskarabidea izan da murrizketa handienak jasan dituenetakoa. Murrizketek ikerketari eraginen ziotela uste zuten batzuek, baina ez da hala izan.

Garai batean, Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin batera egiten zuen Euskal Herriko ikerketa soziolinguistikoa. Baina 2000. urtean, Pedro Pegenautek Nafarroako hizkuntza politikaren lema hartu zuelarik, halakoak egiteari utzi zion. 2003an, Nafarroako ikerketa bere kabuz egiteari ekin zion Gobernuak berriz. Eta 2006an Iruñerriari buruzkoa egin zuten.

Nafarroako Gobernuak bidalitako prentsa oharrean erraten denez, ikerketaren lagina Nafarroa osoko 3.000 inkestakoa izanen da. Hala eginez gero, huts egiteko tartea, alde-alde, %1,8koa izanen da informazio orokorrari dagokionez; %2,6koa, sexuen araberakoari dagokionez; %4,5ekoa, adinen araberakoari dagokionez; eta %7koa baino txikiagokoa, eskualdeen araberakoari dagokionez.

Eskualde eta herri zehatzak

Euskararen jakite mailari eta erabilerari buruzko eta euskararekiko jarrerari buruzko datuak bilduko ditu ikerketak. Halaber, Gobernuak adierazi duenez, «datu orokorrekin batera, zenbait eskualde eta udalerri zehatzei buruzko informazioa jasoko du ikerketak, eta haien artean daude osoko bilkurako akordio bidez eremu mistoan sartzea eskatu duten herriak».

Aranguren, Beriain, Galar eta Noain Elortzibar. Horiek dira eremu mistoan sartu ala ez dauden Iruñerriko udalerriak. Baina, benetan, oraindik ez dute haien osoko bilkurek akordiorik onartu gai horren inguruan. Ezker Batuaren lege proposamen bat dago, lau udalerri horiek eremu mistoan sartzearen aldekoa. NaBai proposamenaren aldekoa da. Eta PSN bazen. Baina proposamena ez zen aitzina atera NaBairi boto bat falta izan zitzaiolako bozketa egunean. Proposamena mahai gainean dago berriz, baina, oraingoan, PSNk bi baldintza jarri ditu horren alde egoteko: batetik, udalek horri buruzko akordioa onartu beharko dute, eta, bertzetik, toki horietan ikerketa soziolinguistikoa egiteko eskatu du.

Arangurenen eta Galarren akordio hori onartuko dute, ziurrenik -alkate independenteak dituzte-. Beriainen alkate sozialista dute, eta litekeena da akordioa onartzea. Noainen UPNk agintzen du, gehiengo osoz, eta Miguel Elizari alkateak errana du ez dutela eremu mistoan sartzea eskatuko.

2006koa Ikertaldek egin zuen

PSNk jarritako bigarren baldintzari dagokionez, erran behar da 2006an egin zutela Iruñerriko ikerketa soziolinguistikoa, UPNren gobernuko Hezkuntza Departamentuak aginduta. Noaingo datuei dagokienez, UPNko alkateak errana du «inork ere» ez dituela datu horiek sinesten. Inkesta haren arabera, noaindarrengehiengoa eremu mistoan sartzearen aldekoa zen. Elizarik dio gehiengoa kontra dagoela; areago, alde daudenak «oso gutxi» direla. Eta bertze estudio «fidagarri» bat egitea eskatu du.

2006ko ikerketa hura Ikertalde enpresak egin zuen. Eta, orain, Nafarroako ikerketa soziolinguistikoa enpresa berari agindu diote, Ikertalderi. Beraz, pentsatzekoa da Iruñerriko 2008ko datuak 2006koen antzekoak izanen direla. Baita Noaingoak ere.

2006ko ikerketaren emaitzak ikusirik, Luis Campoy garai hartako Hezkuntza kontseilariak hizkuntz eremuen arteko banaketan moldaketak iragarri zituen. «Datuak aski garbiak dira», erran zuen. Gobernu hark ez zuen urratsik egin bide horretan. Ezta oraingoak ere.

Konparazio batera, 2006ko ikerketako datuen arabera, Iruñerriko biztanleen %70ek uste dute ikastetxe publikoetan derrigorrean irakatsi beharko litzatekeela euskara, eta %63k uste dute herrietako errotulazioak euskaraz ere egin beharko liratekeela.

Iruñerriko datuak esanguratsuak dira, oso, Iruñerrian bizi baitira Nafarroako biztanleen erdia baino gehiago.



Zenbakia

52.780

Ikerketa egiteko dirua. Krisi ekonomikoa dela-eta Nafarroako Gobernuak eginiko murrizketek ez diote, azkenean, ikerketa soziolinguistikoari kalterik eginen. Eta 52.780 euro ordainduko dituzte estudioaren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.