Sorturen legeztatzea

Urtebete erditze gelan

Espainiako Barne Ministerioan Sortu alderdia erregistratu zutenetik, urtebete eta lau hilabete igaro dira. Erregistratu edo ez erabakitzeko ardura auzitegiei utzi zien gobernuak. Atzo arte ez zen munduratu alderdia.

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Urtebete eta lau hilabete dira Sortu alderdia erditze gelan sartu zela. Iazko otsailaren 9an erregistratu zuten alderdia Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioan. Erregistratze hori, ordea, ez da gaur arte gauzatu. Espainiako Gobernuak auzitegien esku jarri zuen auzia, Sortu «Batasunaren segida» dela pentsatzen zutelako. Auzitegiek urtebete eta lau hilabete behar izan dituzte alderdiaren estatutuek Alderdien Legea goitik behera betetzen dutela ebazteko.

Baina hori jakina zen. Otsailaren 7an aurkeztu zituzten alderdiaren estatutuak Iñigo Iruin abokatuak eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak. Argi erakutsi zuten legea zehatz-mehatz betetzen dutela estatutuek, horretarako guztien gustuko izan ez ziren hitz batzuk esan behar izan bazituzten ere. Iruinek irakurri zituen estatutuen pasarte batzuk: «Gure borondatea eta nahia erakusten dugu edozein motatako indarkeria behin betiko eta guztiz desagertzeko, ETA erakundearena bereziki», irakurri zuen, besteak beste.

Alderdi berriak ez du inoiz ezkutatu ezker abertzaleko alderdia dela, betiko ezker abertzaleko alderdia. Sortu auziaren gakoa Bateragune auziarena bera da, azken batean: alderdiak dioen bezala, estrategia aldaketa baten ondorioz borroka armatua alde batera uztea erabaki delako arbuiatzen duen ETA; edo, Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak esan izan duten bezala, ETAren beraren estrategiaren barruan errefusatzen den erakunde armatua, modu faltsuan, hala legezko izaera lortzeko, baina «ETAren barnean segitzeko».

Ezker abertzaleak Sortu alderdia aurkeztu zuenean, jarduera armatua utzi gabe zegoen ETA, baina su-eten «orokor», «iraunkor» eta «egiaztagarria» emana zuen, hilabete lehenago, eta bost hilabete lehenago jakinarazi zuen «eraso ekintza armatuak» etenda zeuzkala. Argi ikusten zen estrategia sakon aldatuko zela. Ezker abertzalearen barne eztabaida amaituta zegoen, eta Zutik Euskal Herria! agirian jasotako ondorioak ezagunak eta publikoak ziren, Sortu aurkeztu baino urtebete lehenagotik. Prozesua garatzeko «soilik bide politiko eta demokratikoen» aldeko apustua egina zuen ezker abertzaleak.

Alde bakarreko bidea izango zela iragarri zuen ezker abertzaleak eztabaidaren hasieran, eta halaxe izan zen. Espainiak ezker abertzaleko kideak, gazte mugimendukoak, abokatuak zein ETAko kideak atxilotzen jarraitu zuen. Sorturen erregistroa auzitegien esku uztea bera da alde bakarreko jarreraren erakusle. Izan ere, gobernuak bere kabuz erabaki zezakeen erregistroa onartzea, eta Sortu legezko alderdi gisa onartzea hasieratik. Baina ez zuen egin.

Hain justu, Euskal Herriko «fase politiko berriari» erantzun nahian jaio zen Sortu, alderdiko sustatzaileek esan zutenez. «Euskal gizartearen itxaropen eta irrikei erantzun nahi die Sortuk, bake eta konponbide demokratikoko agertoki bat eraikitzeko», esan zuten, Madrilera alderdia erregistratzera joan bezperan. Horretarako, legeak eskatzen dituen baldintza guztiak bete dituztela ohartarazi zuten, erregistroaren egunean Madrilen emandako prentsaurrekoan, eta Espainiako Gobernuari esan zioten bere txanda zela eta «justiziaren interesen alde» aritzeko. Honela esan zuen Iñaki Zabaleta sustatzaileak: «Printzipio demokratiko guztiak betetzen dituen alderdia gara, legezko izateko eskubidea dugu, eta gure ideologiarekin bat egiten duten herritarrak ordezkatzekoa».

Ez dute berehalakoan lortu eskubide hori onartzea. Orduan Espainiako Barne ministro zen Alfredo Perez Rubalcabak hala esan zuen: «Agerikoa da [Sortu] legez kanporatutako Batasuna dela. Sortu ez da zerutik erori». Auzitegi Goreneko jurisprudentziaren arabera, ordea, ezker abertzaleko kideek eratu dezakete alderdi berri bat, beti ere, «gaitzespen edo arbuioen bidez», jarraipen eza frogatuta. Arbuio hori argi azaldu zuten alderdiko sustatzaileek, baina, Barne ministroak ez zuen fidatu nahi, «sinesgarritasunik eza» argudiatuta. Hala, Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari igorri zien auzia, Alderdien Legeaz arduratzen den Auzitegi Goreneko 61. areto bereziaren esku utzi edo ez erabakitzeko.

Halaxe egitea erabaki zuten. Estatuaren abokatuak Sorturen arbuioa «taktikoa» dela argudiatu zuen horretarako, eta estatutuak «kosmetikoak» direla gaineratu zuen. Ildo bereko arrazoiak eman zituen Fiskaltzak ere. Frogatutzat eman zuen alderdi berria Batasunaren jarraipena dela, eta estatutuetan ETA arbuiatu badu, hori erakunde armatuaren beraren «onespenarekin» egin duela, legezko izatea lortzeko.

Argudio horiek atzera bota zituen Sortuk, Auzitegi Gorenean aurkeztutako alegazioetan: «Ez dago funtsezko antzekotasunik legez kanporatutako alderdiekin. Helburua ez da Batasuna berriro osatzea, ez era formalean ez mozorro baten bidez; ez ETAk dirauenean ez desagertzen denean». Estatutuak ez direla «erretorika formala» gaineratu zuten, eta azpimarratu zuten «ETAren indarkeria amaitzeko tresna eraginkor» direla.

Argudio horiek mahai gainean zirela egin zuten auzi saioa 61. areto berezian. Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak Sortu legez kanporatzeko arrazoirik ez zutela eman argudiatu zuen Iñigo Iruin abokatuak azken ondorioetan, hargatik, «ez direlako fidatzen, badaezpadako legez kanporatzea» eskatzen ari zirela, eta hori ezin dela egin azaldu zien epaimahaiko kideei.

Baina alferrik. Sortu ez legeztatzea erabaki zuen Gorenak. Batasunaren «segida» izatea egotzi zioten alderdi berriari, eta estatutuak «amarru» direla gaineratu zuten. Nolanahi ere, erabaki diskutitua izan zen. Izan ere, 16 magistratutatik zazpik legez kanporatzearen kontrako boto partikularra sinatu zuten. Epaia susmoetan oinarritzen dela idatzi zuten, eta beraz, ezin dela Batasunaren jarraipen gisa sailkatu. Epai ofiziala erabat desmuntatu zuten.

Erabakiarekin ados ez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo zuen Sortuk, babes helegitearekin. Espainiako Konstituzioaren 6. eta 22.artikuluetan agertzen den alderdi politikoak sortzeko eskubidea urratzen dela argudiatu zuen. Espainiako bozetarako erabakia egotea espero zen arren, atzo etorri zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.