Urtebete eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati bere bikotekideari erasotzeagatik

Sexu erasoa egin eta tratu txarrak ematea egotzi diote, baita urruntze agindua urratzea ere. Gertakariak 2022an izan ziren, Donostian.

Eraso matxista bat gaitzesteko Donostian egindako elkarretaratzea, iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eraso matxista bat gaitzesteko Donostian egindako elkarretaratzea, iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko otsailaren 17a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela lau urte gertatu ziren erasoak, 2022ko maiatzetik uztailera bitarte. Ordurako, akusatuak emakumearengandik urruntze agindua zuen, baina haren etxera joaten hasi zen. Handik hilabetera, ekainean, eztabaida batean, gizonak baimendu gabeko ukituak egin zizkion andreari. Eta uztailean, gizona emakumearen etxean zela, beste eztabaida bat izan zuten. Egun hartan, gizonak andrazkoari heldu, lurrera bota eta ukabilkada bat eman zion.

Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, bikotekideari sexu erasoa egitea, tratu txarrak ematea, eta urruntze agindua urratu izana egotzita. Gaur, ordea, akordio bat lortu dute biek, eta, bidegabeko atzerapenak tarteko, urte eta bederatzi hilabeteko zigorra adostu dute. Zigorraldia betetzeaz gain, gizartearentzako zerbitzuak egin beharko ditu bi hilabetez.

Epaiketa gaur bertan egitekoak ziren, baina, fiskaltza eta prozesatuaren defentsa ados jarri ostean, ez da halakorik izango. Gizonak ez du espetxera joan beharko, eta, horren ordez, sexu heziketari eta berdintasunari buruzko ikastaroak egingo ditu.

Horrez gain, neurri hauek ere ezarri dizkiote: zortzi urteko urruntze agindua, zaintzapean aske egongo da bost urtez, eta ezingo du adingabeekin lan egin edo beste jarduerarik egin sei urtez.

Gasteizen beste kasu bat

Gasteizen, udaltzainek gizon bat atxilotu dute, bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita. Aranbizkarrean bizi den emakume batek laguntza eske deitu zien, adieraziz bikotekidea eta haren arreba ate joka zituela, eta bera mehatxatzen ari zirela.

Agenteek 31 urteko gizona eraman dute polizia etxera, ohiko tratu txar delitua egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.