Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek ez dituzte etorkinak “arazotzat” hartzen, baina kanpotarrei buruzko iritziak okertu egin dira. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren 2012ko txostenaren arabera, enpleguaren bidez immigrazioa legitimatzen duen diskurtsoa indarra galtzen ari da; aldiz, legezkotasunaren irizpidea gero eta sendoago agertzen da, etorkinekin nola jokatu ebaztean.
Hala, paperik gabeko kanpotarrei zerbitzu publikoak mugatu behar zazikiela uste dutenen kopuruak gora egin du; esate baterako, etorkin horiek kanporatu beharko lituzketela uste dutenak %8,8tik %21,3ra igo dira urtebetean.
Politika publikoei begira, datuok kontuan hartzeko eskatu du Gorka Moreno Ikuspegiko zuzendariak gaur goizean. Dena den, ez du uste iritzi aldaketa hori “dramatikoa” denik: “Abagune ekonomikoaren ondorio dira. Baina ez dira larritzekoak; adierazle sozioekonomiko guztiak jaisten ari dira”.
Areago, nabarmendu du tolerantzia indizea oraindik altua dela eta gizarteak ez diela etorkinei krisiaren errua egozten: “Krisia pairatzen ari direla antzematen du jendeak”.