Urtebeteko espetxe zigorra galdegin dute Gasteizen adingabe bat jo zuten udaltzainentzat

2023ko martxoan 16 urteko mutil bat jipoitzea egotzi diete. Epaiaren zain geratu da auzia; bi polizien inhabilitazioa ere eskatu dute.

Adingabearen aldeko elkarretaratzea, 2023ko martxoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Adingabearen aldeko elkarretaratzea, 2023ko martxoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2025eko abenduaren 4a
18:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak urtebeteko espetxe zigorra eskatu dute Gasteizen adingabe bati eraso egiteaz akusatutako bi udaltzainentzat. Inhabilitazio zigorra ere galdegin dute: fiskalak, bi urtekoa, eta akusazioak, hamarrekoa. Asteartean izan zen auziaren inguruko epaiketa; epaiaren zain geratu zen.

2023ko martxoan gertatu zen erasoa: ustez bi udaltzainek sudurra hautsi zioten 16 urteko mutil bati, Gasteizko Zabalgana auzoan. Gurasoek jarritako salaketaren arabera, gazteak zebra bide bat gurutzatu zuen patinete elektriko batean; poliziek gelditzeko agindu zioten, gazteak ez zien kasu egin, isunaren beldur, eta udaltzainek bortxaz geldiarazi zuten, zango batean eta aurpegian kolpeak emanez.

Poliziek argudiatu zuten gaztea berez erori zela, baina lekuko baten bideoak bertsio hori gezurtatu zuen. Akusazioaren abokatuak nabarmendu du udaltzainek mutila «kolpatu, umildu eta iraindu» zutela; fiskalak ere adierazi du «neurriz kanpokoa» izan zela haien jarduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.