Lau urteko espetxe zigorra betetzeko, 2013ko apirilaren 10ean atxilotu zuen Ertzaintzak Ekaitz Ibero gaztea, Donostian. Egun horietan, espetxe zigorra ezarri berri zieten beste zortzi gazteri, eta Aske Gunea osatu zuten Donostiako Bulebarrean, horien atxiloketa saihesteko.
Donostiako Auzitegiak urtebeteko zigorra ezarri dio gazte bati, Iberoren atxiloketa galarazten saiatu zelakoan. Efe agentziak jakinarazi duenez, epaileak ebatzi du zigortuaren asmoa zela Ertzaintzaren jarduera "fisikoki oztopatzea".
Horretarako, ebazpenaren arabera, Ibero "inguratu" egin zuten "akusatuak eta haren kideek, elkarri helduz jardun poliziala oztopatzeko". Atxiloketaren unean akusatuak ertzainei ostikoka erantzun ziela gaineratu du epaileak.