INGURUMENA

Urteko baliabide biologikoak, biharko bukatuta

Global Footprint Network erakundearen arabera, gaur egun, «gizadiak berriztatu daitekeen baino %60 gehiago erabiltzen du, hau da, 1,6 Lur planetatan biziko bagina adina baliabide».

Haize errota bat, artxiboko argazki batean. LARRY W. SMITH / EFE
Oihane Puertas ONA
2020ko abuztuaren 21a
17:22
Entzun

Global Footprint Network jasangarritasunaren nazioarteko erakundeak adierazi duenez, bihar izango da Lurrarengainditze eguna. Egun horrek markatzen du gizadiak noiz bukatu dituen planetak urte osoan zehar birsortu ditzakeen baliabide biologiko guztiak —ura, elikagaiak, erregaiak…—. Erakundearen arabera, «gaur egun, gizadiak berriztatu daitekeen baino %60 gehiago erabiltzen du, hau da, 1,6 Lur planetatan biziko bagina adina baliabide».

Jasangarritasunaren nazioarteko erakundeak munduari Lurraren mugen barruan bizitzen eta klima aldaketari erantzuten laguntzen dio. Global Footprint Networkek gizadiaren baliabideen egungo egoera ebaluatzen du, eta ondorioztatu du koronabirusak eragindako mundu mailako itxialdiak giza jardueraren aztarna ekologikoa murriztu duela. Kalkuluen arabera, 2019arekin alderatuta, 21 egun atzeratu du Lurrarengainditze egunaren etorrera. Erakundeak adierazi duenez, COVID-19ari aurre egiteko ahaleginek frogatu dute baliabideen kontsumo ereduak epe laburrean alda daitezkeela.


Lurraren gainditze eguna 1970etik 2020ra. Global Footprint Network

Lurraren gainditze eguna atzeratu izanak, urtarrilaren 1etik abuztuaren 22ra arte gizateriaren aztarna ekologikoak izan duen murrizketa islatzen du; iazko datuarekin alderatuta, %9,3ko murrizketa, hain zuzen ere. Global Footprint Network erakundeak adierazi duenez, murrizketa hori «koronabirusaren ondorio zuzena» da, eta pandemiaren ondorioz mundu osoan gertatu den «uzkurdura ekonomikoarena». Aztarna ekologikoa aldatzea «egurraren erauzketaren murrizketari eta ondorioz gertatu den CO2 isurien murrizketari esker» gertatu da; izan ere, «baso produktuen aztarna (%8) eta karbono aztarna (%14,5) murriztu dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.