Urtxuegiaren ondareari buruzko informazioak aztertuko ditu Ogasunak

«Argitaratutako informazioetatik ezin da ondorioztatu legez kanpoko ekintzarik», esan du Idoia Mendiak

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ana Urtxuegia Lasarte-Oriako alkate izandakoak (PSE-EE) Nikaraguako Somoto herrian dituen ondasunei buruz argitaratu diren informazioak aztertuko ditu Gipuzkoako Ogasunak. Hala jakinarazi du Eneko Goia Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak. Noticias taldeko egunkariek asteburuan argitaratutako informazioen arabera, Urtxuegiak bost higiezin ondasun izango lituzke Nikaraguako herri horretan. Horietako batek milioi bat metro koadro izango lituzke eta Lasarte-Oriako Udalak diruz laguntzen zuen Gobernuz Kanpoko Erakunde bati erosia izango litzateke. Eusko Jaurlaritzako eledun Idoia Mendiaren arabera, argitaratutako informazioetatik ezin da ondorioztatu Lasarte-Oriako alkate ohiak legez kanpoko ekintzarik edo irregulartasunik egin duenik. Lasarte-Oriako alkatetza iazko martxoan utzi ostean, Txilen eta Perun Eusko Jaurlaritzak duen ordezkari izendatu zuten Urtxuegia, eta kargu horretan jarraitzen du gaur egun.

Komunikabideetan argitaratutako informazioez gain, Lasarte-Oriako Udalak ikerketa batzorde bat osatu zuen iazko urtarrilean. Herenegun eginiko agerraldi batean, Urtxuegiaren ondasunen txostena publiko egiteko eskatu zuten ikerketa batzordeko ezker abertzaleko, EAJko, Hamaikabat-eko, EBko eta Lasarte-Oriako herri plataforma bateko ordezkariek. Era berean, salatu zuten PSE-EE eta PPko zinegotziek ikerketan aurrera egiteko «borondaterik ez» dutela erakutsi.

Eneko Goia Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak atzo eginiko agerraldian azaldu zuenez, komunikabideetan argitaratu diren informazioak aztertuko ditu Gipuzkoako Ogasunak. Informazio horiek «froga bat» ez direla onartu du Goiak, eta ikerketa abiatzeko salaketa bat beharrezkoa dela nabarmendu du. Nolanahi ere, informazio horiei «itxura txarra» hartzen diela adierazi du.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak, berriz, adierazi du argitaratutako informazioetatik ezin dela irregulartasunik ondorioztatu Urtxuegiaren jardunean. Mendia ziur da Urtxuegiak azalpenak emango dituela, eta gogoratu du Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak EAJk gai horren inguruan egingo dion galdera bati erantzunez azalpenak emango dituela ostiralean.

Aralarrek, bestalde, proposamen bat aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, diputatuek eta goi karguek beren ondasunen eta interesen aitorpen publikoa egin dezatela eskatzeko. Aitorpen horiek legealdi hasieran eta legealdi amaieran egitea proposatu du Aralarrek.

23 urtez alkatetzan

Urtxuegia izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan alkate gisa denbora gehien eman duen herritarra. Lasarte-Oriako udalerria sortu zenetik,1986tik, 2010era arte izan zen hango alkate. 2006an, zenbait komunikabidek Urtxuegiak Somoton dituen jabego eta harremanen berri eman zuten. Komunikabide horien arabera, Lasarte-Oriako Udaletik jasotako diru laguntzak irregulartasunez beteriko enpresa proiektuetara bideratzen zituen Somotoko alkateak. Bere aurkako kanpaina salatu zuen orduan Urtxuegiak, oso hitz gogorrak erabilita. Informazio horiek Somototik atereak zirela eta «erruduna» bilatzen saiatuko zela esan zuen Urtxuegiak herri hartan bertan.

PSE-EE Eusko Jaurlaritzara iritsi eta ia urtebetera izendatu zuten Urtxuegia Txile eta Perurako ordezkari. Lasarte-Oriako zinegotzi kargua du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.