Urzainkiko sutea «egonkortuta» dago, eta egoerak «hobera» egin du

Suteak «hobera» egin du, suhiltzaileen arabera, eta egonkortua dago. Ondorioz, gutxitu egin dute itzaltze lanetan dabiltzan langileen kopurua.

Urzainkiko sutea, suhiltzaileen helikopterotik ikusita. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Urzainkiko sutea, suhiltzaileen helikopterotik ikusita. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko abuztuaren 25a
12:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urzainkiko (Nafarroa) sutea azkenetan dago, Nafarroa larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Garrak egonkorturik daude, eta suteak «hobera» egiten du; horrek modua eman du itzaltze lanetan dabiltzan langileen kopurua murrizteko.

Lurreko bi brigada eta helikoptero bidez garraiaturiko beste bat aritu ziren atzo garrak itzali nahian. Nafarroako Gobernuaren bi helikoptero ere aritu ziren sutea lan horietan. Sutan zegoen «motzondo bat edo beste» itzali baino ez dute egin behar izan suhiltzaileek, eta atzo suak ez zuen «aldaketa nabarmenik» izan.

Atzo gauean brigada bat aritu zen zaintza lanetan inguruan, eta sua laster erabat itzalita egotea espero da.

Kontrolatzeko lanak eman ditu suteak, tximistak iristeko eremu zail batean piztu zuelako sua, komunikazio zaileko leku batean —Gazpar haitzaren inguruan, Izaba, Garde eta Urzainkiko lurren artean, ekialdera—. Abuztuaren 14an atzeman zuten sutea.

Asteburu horretan bertan kontrolpean hartu zuten, baina abuztuaren 20an sugarretan ziren enbor batzuk eta harkaitz batzuk jausi ziren maldan behera, eta berriz piztu zuten sua, lehen sutea baino beherago. Suhiltzaileek eta eskualdeko boluntarioek aste osoan egin dituzte sua kontrolatzeko lanak, eta larunbatean lortu zuten egonkortutzat jotzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA