Israelgo soldaduen bortizkeria «suntsitzailea» izan zen: «Uste dut ez dagoela lesiorik ez duen inor». Catriona Graham Global Sumud Flotillako boluntarioarena da baieztapena. Israelgo soldaduek maiatzaren 18an nazioarteko uretan bahitu zituzten Global Sumud Flotillako kideei buruz ari da. 428 izan ziren. 67 ospitalera eraman zituzten, Turkiara iritsi berritan aztertu zituen auzi medikuak uste zuelako azterketa sakonagoa behar zutela. Hamabi ospitaleratu egin zituzten: bederatzi Turkian, eta hiru Grezian.
Flotillako kideak, jaioterrira iritsi ahala, Israelgo soldaduek emandako tratu txarrei buruzko zehaztasunak ematen ari dira. Global Sumudek «lekukotza ikaragarrien» bilduma bat egin du: «Kanpaina koordinatu bat izan zen flotillako kideen kontra tortura sistematikoa, trauma fisiko eta psikologiko larriak eta sexu eta genero indarkeria erabiltzeko».
Guztiak ez dira bueltatu etxera: Arno Meys flotillako kapitainak zulatua du birika bat, eta ezingo du hegaldirik hartu hilabetean; kideetako bat ospitalean dago, ustez gomazko bala batekin tiro egin eta hanka hautsi ziotelako; eta beste bat ere ospitalean dago, barne odoljario bat duela uste dutelako, eta hanka bat hautsita edukitzeaz gain arritmia duelako.
Sexu erasoa
Juliet Lamont ekintzaile australiarrak salatu du sexu erasoa egin ziotela: «Tortura gela batean izan zen, bost gizonek jotzen ninduten eta aurpegia txikitzen zidaten bitartean». Karim Awad medikuak —poloniarra eta britaniarra da— salatu du itoarazi egin zutela Palestinako bandera batekin; baita sei soldaduk buruan etengabe kolpeak eman zizkiotela ere. Ehab Lotayef kanadarrari labankada bat eman zioten eskuan, «laguntzen saiatu zenean». Ariadne Telles brasildarrak oraindik ez ditu behatzak sentitzen. Eskuak oso estu lotu zizkioten bridekin. Julien Cabral belgikarrak soldadu israeldarrei zera entzun zien jipoiak ematen hasi aurretik: «Diberti gaitezen!».
Meriem Hadjal frantziarrak kontatu du hura baino askoz ere handiagoak ziren soldaduek edukiontzi ilun batera eraman zutela. Kolpeak eman zizkioten: «Konorterik gabe uzten zaituzten belarrondokoak. Guztia gertatu zen buruaren parean». Soldaduek ukituak egin zizkioten. Atxilotu guztiei arropa kendu zieten, eta indarka sartu zituzten edukiontzietan. Edukiontziak «txikituta» zeuden. Edukiontziaren barruan zegoela, ikusi zuen nola soldatu batek taser pistola batekin tiro egiten zion flotillako emakume bati. Edukiontzian zeudenek flotillako gainerako kideak entzun zitzaketen, «banan-banan, oihuka, bortizki jotzen ari baitziren». Soldaduek ur hotza botatzen zuten edukiontzietako lurrera, atxilotuek ezin izan zezaten lorik egin.
Tiroa kapitainari
Soldaduek «deskarga elektrikoak eta jipoiak» eman zizkieten Kiriakos X ontzian zihoazen ekintzaileei. Bidaiariak behartu egin nahi zituzten esatera nor zen kapitaina. «Tortura geratzeko, ausardia handiz, kapitainak bere burua aurkeztu zuen», azaldu du Global Sumud Flotillak. Ondorioak izan zituen: «Israeldarrek gomazko bala bat bota zioten zuzenean hankara. Zauritu egin zuten, baina medikuaren laguntzarik gabe utzi zuten zenbait egunez».
Soldadu israeldarrek ekintzaile hegoafrikarrei gogorarazi egin diete Hegoafrikako Gobernuak Israelgoaren kontrako salaketa jarri zuela Nazioarteko Zigor Auzitegian. «Auzitara eraman nahi gaituzue? Erakutsiko dizuegu», esan zieten Ebrahim Peters-i eta Qutb Hendricks-i. Aparteko gela batera eraman, eta kolpeak eman zizkieten.
Elkartasuna
Egoera horren guztiaren aurrean, ekintzaileen elkartasuna nabarmendu du Global Sumud Flotillak, bai haien artekoa, bai Palestinarekin dutena. Ekintzaileek kontatu dute batzuk besteen gainean jarri zirela kolpeak berek hartzeko, eta lurrean belauniko zeudela batzuek besteei masajeak eman zizkietela, minaren eraginez ez erortzeko.
Global Sumud Flotillak «gerra krimen» horien nazioarteko ikerketa bat eskatu du, berehalakoa eta independentea. Baita Israeli zigorrak ezartzeko ere, itsasoko eta giza eskubideen nazioarteko araudia «sistematikoki» urratzen duelako; Gazako zerrendaren «legez kanpoko blokeoagatik»; eta palestinarren kontrako genozidioagatik.