Eskola ematen ari da irakaslea, 6 urteko neska-mutilei munduko mirarien inguruko grina piztu nahian. Zientziari buruzko galdera azaldu da. Beste zenbaitetan egin duen bezalaxe, umeei proposamena egin die. «Ea, zientzialaria den nire lagunari galdetuko diogu; ados?». Mezularitza bitartez egin du galdera. Orain arte erantzuna testu bitartez jaso badute ere, oraingoan audio bitartez iritsi da azalpena. Ahotsa entzutean, umeak harritu dira. «Tira, neska da!», esan diote irakasleari. Lagun zientzialariari buruz pentsatzean, 6 urteko umeek gizonezko bat irudikatuta zuten buruan. Whatsapp bidezko laguntza informal horren atzean dagoen laguna Naiara Barrado Izagirre astrofisikaria da (Getxo, Bizkaia 1981). «Egia esanda, orain arte gutxitan konturatu naiz halako adibide txiki pila bat badirela», aitortu du. «Ez dakit helduagoa naizelako ote den, edo ama naizelako, baina lehen uste nuen genero berdintasun nahikotxo bazegoela, eta orain hasia naiz konturatzen gauzak ez direla uste nuen bezain politak». Marteri buruz eman duen azken hitzaldian, beste adibide bat. «Galderen txandan, denak mutilak izan dira. Hitzaldia amaitzean, berriz, neskak baino ez zaizkigu hurbildu mahaira». Halako eskemak apurtzeko egin diren ekimenetako batean parte hartu du Barradok. Espainiako Astronomia Elkarteak antolatutako emakume astrofisikariekin txatean aritzeko esperientzia batean, hain zuzen.
Institutuko ikasketak bukatu baino pixka bat lehenago erabaki zuen fisika ikastea Barradok. Eta unibertsitatean hasita, konturatu zen klimari lotutako gaiak gustuko zituela. Hori jakinda, irakasle batek gomendatu zion EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko buru Agustin Sanchez-Lavega astrofisikariarekin biltzea. «Eraikin berean egonda ere, ez nuen haren lana ezagutzen. Baina harekin hitz egin eta gero, argi izan nuen horretan aritu nahi nuela». Zientzia planetarioen inguruan ikertzeak klima eta astrofisika uztartzeko aukera eman dio Barradori. Ordutik, batez ere Jupiterren atmosfera aztertzen dabil. Ikertzeaz eta eskolak emateaz gain, dibulgazioari tarte bat eskaintzen saiatzen da «Asko gustatu zait beti; orain espero dut asti gehiago horretarako». Diziplinari lotutako ametsei buruz galdetuta, Lurretik kanpoko bizia aipatu du. «Marten edo Jupiterreko ilargietako batean bizia topatzea izugarria litzateke; egiteko daukagun erronka da. Lurretik kanpo ura topatu dugun modu berean, orain bizia aurkitzea falta zaigu».
Jupiterreko atmosfera oso urrun badago ere, zientziaren jarduna oso gertukoa dela esan du astrofisikariak. Nahi duen ororen esku dago ezagutzaren abentura. Marta Macho matematikariak idatzitako testu batek zer pentsa eman zion. «Asko gustatu zaidan ideia izan da: ez duzu ezertan berezia izan behar zientzian aritzeko. Hau ez da 'jenioen' kontua, eta zientzialariak oso pertsona bereziak diren inguruko irudi horrek ez dio batere onik egiten zientziari. Beste ogibide askotan bezala, zientzian aritzeak esfortzu bat eskatzen du, noski, baina zientzialariok pertsona guztiz normalak gara».
Naiara Barrado Izagirre
«Uste nuen berdintasuna bazegoela»
Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu