Ustez alabari sexu erasoa egiteagatik, gizon bat atxilo

Santurtzin gizon bat atzeman dute, ustez bikotekideari eraso egiteagatik; biktima erietxean artatu dute

Gernikan atzo egindako elkarretaratzea. JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Udaltzainek 39 urteko gizon bat atzeman dute Gasteizen, ustez alabari sexu abusua egiteagatik. Biktima adingabea da. Udaltzainek emandako datuen arabera, herenegun izan zen atxiloketa. Duela egun batzuk, hainbat herritarrek Udaltzaingora deitu zuten, hiriko jolastokietako batean gizon bat neskato adingabe bati sexu erasoa egiten ari zitzaiola salatuz. Udaltzaingoak eta Gasteizko Gizarte Gaietarako Departamentuak ikerketa abiatu zuten, erasoa argitu ahal izateko. Azkenean, herenegun atxilotu zuten gizona. Sexu eraso delitua leporatzen diote.

Bestalde, Santurtzin (Bizkaia) beste gizon bat atxilotu zuten, bikotekideari eraso egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez, bikoteak eztabaida zuen etxean. Atxilotuak ustez ostikoak jo zizkion biktimari. Emakumeak lagun baten etxera ihes egitea lortu zuen, eta gertatutakoa salatu ostean, erietxean artatu zuten.

Gernika-Lumon (Bizkaia), berriz, elkarretaratzea egin zuten atzo, iragan larunbatean Busturian (Bizkaia) andrazko bat bortxatu zutela salatzeko. Emakumeenganako tratu duinaren alde, Erasorik ez! izan zen protestaren leloa.

Herrizaingo Sailak astelehenean eman zuen bortxaketa kasuaren berri. Goizaldean izan zen erasoa. Biktimak etxera lagundu zion atxilotuari. Han, bortxatu egin zuen. Polizia etxean salaketa jarri zuen emakumeak, eta handik ordu gutxira atzeman zuten ustezko erasotzailea.

Gernikako Eraso Sexistei Stop plataformak antolatu zuen atzoko elkarretaratzea. Protestan elkartasuna agertu zioten biktimari, eta halako eraso gehiago ez gertatzeko eskatu zuten bertaratu zirenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.