Ustez ikasleei ukituak egin zizkien irakasle bat kaleratzea ontzat jo du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Beste epaitegi batek kaleratzearen aurka emandako ebazpena atzera bota du auzitegiak. Magistratuek diote irakasleak «larriki urratu» zuela gurasoek ikastetxean jarritako konfiantza.

Haur bat, heldu batek lagunduta, eskolarako bidean Iruñean.
Haur bat, heldu batek lagunduta, eskolarako bidean Iruñean. IÑIGO URIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko martxoaren 22a
12:15
Entzun

2022ko apirilaren 4an, Iruñeko ikastetxe bateko irakasle batek ustez muxu bat eman zion ahoan 6 urteko ume bati, eta ukituak egin zizkion genitaletan. Aurrez beste ikasle batzuei ere ukituak egin zizkiela egiaztatu ahal izan zuen zentroak, eta, hargatik guztiagatik, irakaslea kaleratzea erabaki zuen. 2023ko irailean, baina, lan arloko epaitegi batek ebatzi zuen kaleratzea bidegabea izan zela, erabakia hartu zenean irakasleari ez zitzaizkiolako jakinarazi zer akusazio zeuden bere aurka.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, atzera bota du epaitegiaren ebazpena, eta berretsi kaleratzea bidezkoa izan zela. Epaiak jasotzen duenez, ikastetxeko zuzendaritzarekin izandako bilera batean eta ostean polizia etxean egindako deklarazioan, irakasleak aitortu zuen haurra belaunetan eseri zuela eta musu bat eman ziola «ahoaren inguruan», baina «keinu barregarri» gisa egin zuela. Halaber, ukatu egin zuen umeari genitalean ukituak egin zizkiola, eta hala izan bazen «oharkabean» egin zizkiola. Era berean, «oker bat» izan zela onartu zuen.

Sententziak dio egiaztatuta geratu dela akusatuak Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako ikaslea hanken gainean eseri zuela, ahoan musu bat eman ziola, eta adingabeari genitalak ukitu zizkiola. Magistratuen ustez, irakasleak hori aitortu izana nahikoa arrazoi da kaleratua izateko, «larriki urratzen» duelako ikastetxeak irakaslearengan jarritako konfiantza.

Irakasleak bi adingaberi ustez egindako sexu abusuak laster epaituko dituzte, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak argitu du kaleratzea bidezkoa izan zela epaiketa horren emaitza edozein dela ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.