1983ko abuztuaren 7an tiroketa bat izan zen Laeonen (Landesetan) Frantziako Jendarmeen eta IK-ko kideen artean. Tiro truke haren ondorioz, polizietako bat hil zen, beste bat zauritu, eta IK-ko lau kideetatik hiruk auto batean ihes egin zuten. Laugarrenak, Popo Larrek, lasterka ekin zion ihesari, eta, harrezkero, inork ez du haren berririk izan.
Haren kideen susmoa da jendarmeek harrapatu eta hil zutela, eta gero desagertarazi.
Garaitsu berean, Landesetako Carbon-Blancen Pascal Dumont gaztea desagertu zen. Egun batzuren buruan,hilotz bat topatu zuen itsasertzean, eta Dumont familiari esan zioten beren seme desagertuarena zela. Pascal Dumonten gurasoek, ordea, ez dute inoiz hori sinetsi, eta hilotz hura Larrerena izan daitekeela uste dute. Beren familiko hilobian ehortzi zuten gorpua, baina beren semearena zela onartu gabe.
Harrezkero, bai Dumont familiak, bai Larreren ingurukoek askotan galdetu dute hilotz horri ADN frogak egiteko. Gainera, joan den maiatzean, norbaitek hilobia ireki eta gorpuzkinak manipulatu zituen. Gertakari horren ostean, joan den azaroaren 10ean, Bordeleko epaitegi batek ADN azterketak egitea erabaki zuen.
Oraintxe atera dituzte gorpuzkinak hilobitik eta Pascal Dumont gaztearen amak, Yvonne Dumontek, Radio Euskadin salatu duenez hainbat hezur falta dira. "Tibia bat eta bizkarreko zenbait hezur baino ez daude", adierazi du.
Hori dela eta, joan den maiatzean Larrerena zela ukatzeko manipulatu zutela gorpua ondorioztatu du Dumontek, eta agertu duenez,oso itxaropen gutxi du orain egingo dituzten ADN frogen bidez beren hilobian dagoen gorpua norena den argitzeko.
Popo Larreren desagertzea