politika

"Ustezko bi ertzainek tiro ariketak egiteko bi presoren argazkiak erabiltzea oso larritzat" jo du EAk

Herrizaingo Sailari gertatutakoa ikertzeko zein neurri hartu dituen eta jarrera horiek etorkizunean ez errepikatzeko zer egingo duen argitzeko eskatu dio alderdiak.

2009ko urriaren 1a
20:13
Entzun
Atzo BERRIA.INFOk Interneten euskal presoen argazkiak nola tirokatzen dituzten agertzen zen bideoa erakutsi zuen eta horren harira, EAk "oso larritzat" jo du ustezko bi ertzainek tiro ariketak egiteko bi pertsonen argazkiak erabiltzea eta gainera hori Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren egoitzetan gertatzea". Jesus Larrazabal EAko legebiltzarkideak "Ertzaintzak beti giza eskubideen eta gizakien duintasunaren babesle izan behar" duela nabarmendu du.

Halaber, gertatutakoa ikertzeko zein neurri hartu dituen eta gizakiaren duintasunaren aurkako jarrera horiek etorkizunean ez errepikatzeko zer egingo duen argitzeko eskatu dio Larrazabalek Herrizaingo Sailari -urriaren 9an egingo duten batzarrean erantzuteko eskatu dio-. Eusko Legebiltzarrean egin du eskaera hori EAk. "Aresek obligazio politiko eta morala du berehala ikerketa abian jartzeko eta egileak zigortzeko, ekintza horiek berriro ez errepikatzeko", EAko legebiltzarkidearen arabera.

Garikoitz Etxeberria (Lizarra, Gipuzkoa) presoa eta Koldo Alaña (Bilbo) preso ohiaren irudiak dira aurpegia estalita duten bi lagunek tirokatzen dituzten argazkiak. 2007ko uztailaren 2an kendu zituen Ertzaintzak bi argazki horiek Lizartzako udaletxetik (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.