Ustezko bi etakide atxilotu ditu Jendarmeriak

Biak bizikletan zihoazela ohiko kontrol baten atzeman dituztela zabaldu dute polizia iturriek

AGENTZIAK PARIS
2008ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ustezko bi etakide atxilotu ditu Jendarmeriak, Frantzia hegoaldean. Espainiako berri agentzien arabera, Ugaitz Astiz Arangua eta Joseba Mikel Olza dira atxilotuak. Michele Alliot-Marie Frantziako Barne ministroaren arabera, atxilotuetako bat behintzat ETAren «komando militar bateko kidea» da. Zehazki, ETAko logistika taldekoak direla zabaldu dute berri agentziek.Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren arabera, atxilotutako bi lagunek «komando guztiz operatiboa» osatzen zuten. «Agerikoa da ETAren aparatu militarreko kideak direla», esan du , eta honela argudiatu du: «Bi batera, bi bizikletatan eta armekin, komando bat osatzen dute. Jakingo dugu zer egiten ari ziren». Ustezko etakideak gero eta azkarrago atxilotzen dituztela goraipatu du Barne ministroak.

Polizia iturrien arabera, Andorrako (Herrialde Katalanak) mugatik ehun kilometrotara dagoen Tarascon-sur-Ariege herrian (Ariege departamentua) atxilotu zituzten bi lagunak, atzo 12:45ean. Bizikletan zihozela zabaldu dute, eta ohiko kontrol batean atxilotu zituztela. Espainiako berri agentziek ikerketa iturriei erreferentzia eginez zabaldu dutenez bi ustezko etakideak polizia kontrola ikusi zutenean norabidez aldatu zuten, ihes egiten saiatuz. Poliziak geldiarazi eta identifikatzeko esan zien. Jendarmeak ustezko bi etakideek emandako dokumentazioa aztertzen ari zirenean, ihes egiten saiatu ziren bi lagunak berriz ere, eta poliziak harrapatu egin zituen. ETAko kide gisa identifikatu ziren orduan. Poliziaren arabera, muga pasatzeko erabiltzen dituzte bizikletak etakideek.

ETAko kidetzat jo dituzten bi lagunak armatuta zeuden atxiloketaren unean, polizia iturrien arabera: batek pistola zeraman eta besteak errebolberra. Motxilak ere bazeramatzaten, eta haietan erakunde armatuarekin lotutako informazioa eta dokumentazio faltsua.

ETAren kontra Frantzian egiten diren polizia operazio gehienak Espainiako eta Frantziako poliziek elkarlanean egindakoak izaten badira ere, atzokoa Frantziako jendarmeek beren kabuz egindakoa dela zabaldu dute agentziek. Poliziaren lana txalotu du Frantziako Barne ministroak, eta bere arabera, atxiloketek «beste behin » erakutsi dute Frantziako Poliziak eta Jendarmeriak «terrorismoaren kontrako borrokan duten konpromisoa». Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren zuzendari orokor Javier Velazquezen arabera, atxiloketek erakusten dute «Espainia ez dagoela bakarrik».

Frantziako Fiskaltzako iturriek esan dutenez, Parisko terrorismoaren kontrako Auzitegi bereziaren esku dago atxilotuen inguruko ikerketa.

Donostia komandoarekin nahastuta bi lagunak atxilotzen saiatu zen Polizia iazko martxoan, Espainiako berri agentzien arabera. Bien etxeak ere miatu zituztela diote. Donostia komandoa atentatuak egiten hasi aurretik desegin zutela zabaldu zuten orduan polizia iturriek. Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz zortzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.