Usurbilgo Itunak dio errauste planta atzeratzea «lehen urratsa» dela

Hondakinen kudeaketa ereduaren norabidea «inoiz baino itxaropentsuagoa» da, sinatzaileen iritziz

Usurbilgo Itunaren sinatzaileetako batzuk, atzoko agerraldian. G. G. / ARP.
jon olano
Donostia
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Usurbilgo Ituna baikor azaldu da Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Zubietako errauste plantaren eraikuntza sei hilabetez atzeratuko duela jakinarazi ondoren. Epe horretan bestelako kudeaketa ereduak gauzatzeko aukera dutela nabarmendu dute sinatzaileek, eta, hortaz, egitasmo hori atzeratzea «lehen pausoa» izan dadin eskatu dute.

Ituneko sinatzaile ugarik agerraldia egin zuten atzo, Donostian, partzuergoaren erabakiak irekitako agertokiaren balorazioa egiteko. Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkateak eta Maria Luisa Sanchez Gipuzkoako Errauste Plantaren Aurkako Plataformen Koordinakundeko kideak hartu zuten hitza, eta haiekin izan ziren ituna sinatu duten hainbat eragileren ordezkariak: Aralarreko Ainhoa Beola, ezker abertzaleko Iñigo Alda, Alternatibako Xabier Soto, CCOOko Jesus Uzkudun, Ezker Anitzeko Mikel Izagirre, LABeko Urtzi Ostolazaga, EHNEko Eneritz Otamendi, ESK-ko Lorena Ramos eta Gipuzkoa Zero Zaborreko Jose Mari Irazusta.

Sinatzaileek uste dute Gipuzkoako hondakinen kudeaketa ereduaren norabidea «inoiz baino itxaropentsuagoa» dela, eta errauste planta atzeratzea oso garrantzitsutzat jo dute. Sei hilabetean zaborra biltzeko sistema «eraginkorrak» martxan jartzeko konpromisoa azaldu dute, eta, hala, errefusa «oso urria» izango dela ziurtatu dute: «Erakutsiko dugu errauste planta ez dela beharrezkoa, nahikoa izango dela materia bizigabeak biltzeko zabortegiak ezartzea». Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan indarrean dagoen atez ateko bilketa sistema «eredugarria» delakoan dira sinatzaileak, emaitza «onenak eta berehalakoak» lortzeaz gain eredu «merkeena eta lanpostu gehien sortzen duena» dela uste baitute. Gainera, planta txikiagoa egiteko aukera baztertu dute, «ez baitago errauste planta txikirik gure osasunari kalte egingo ez dionik».

Izagirrek materia bizigabeen zabortegien alde egin du. Haren arabera, zabortegi horiek ez dute kutsadurarik ez usainik sortzen. Hori arrazoitzeko, esan du San Markoko mankomunitateak kudeatutako Arizmendiko materia bizigabeen zabortegiak ez duela herritarren kexarik jaso. Hondakinak jasotzeko eskumena udalena dela eta Gipuzkoako Batzar Nagusien eginbeharra jasotako zaborra kudeatzea dela oroitarazi du. Hortaz, ziurtatu du udalak eta Batzar Nagusiak «elkar ulertzera kondenatuak» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.