Altsasuko Foru plazak oso bestelako irudia eman du gaur. Espainia herritarra lelopean ekitaldia egiten ari dira bertan Ciudadanos, Vox eta Alderdi Popularra. Hori dela eta, goizean goizetik segurtasun neurri zorotzez inguratuta esnatu da herria.
Foruzaingoak eta Guardia Zibilak itxi egin ditu enparantzarako sarrera irteerak, eta soilik ekitaldira zihoazenek sartu ahal izan dute bertara. Azken horietako gehienak autobusetan heldu dira herrira.
Hasi dira plazako ekitaldira hurbilduko diren ikusleak iristen. Aragoitik asko, gehienak. “Jefe, quiere banderitas?” diote antolatzaileek, banderatxoak banatuz. Gehienak kanpotarrak dira. “Yo pensaba que estaríamos más gente” dio gizon batek. #Altsasu#Guaixezuzeneanpic.twitter.com/X4gdW20Nn8
— Guaixe (@guaixe) 2018(e)ko azaroaren 4(a)
Jendea biltzen hasi eta ordubete ingurura heldu dira plazara Ciudadanoseko Albert Rivera, Voxeko buru Santiago Abascal eta Nafarroako PPko presidente Ana Beltran. Txalo artean hartu dituzte hangoek.
Ordea, plazatik ehun bat metrora bestelako harrera egin diete autobusetatik jaitsi direnei. Han, plastikozko zinten aldamenean, antifaxistek deitutako mobilizaziora joandako milatik gora lagunek "alde hemendik" oihukatuz hartu dituzte.
Oihu artean bada ere, ekitaldia hasi egin dute Espainiako alderdiek, baina berehalakoan harridura aurpegiak nagusitu dira plazan, kanpai hotsak entzuten hasi direnean hizlarien ahotsa estaliz. Hori aski ez, eta gutxira musika doinuak entzuten hasi dira enparantza inguruan. Mikrofonoa nahikoa ez, eta eztarriak urratu behar izan dituzte Espainia herritarra ekitaldia antolatu dutenek.
Hamabietarako minutu gutxi falta zirenean amaitu da ekitaldia. Beira tindatuak zituen ibilgailuan joan da Rivera Altsasutik. Txaloka eta "alde hemendik" oihuka agurtu dute bertan bildutakoek. Ordea, tentsio uneak ere izan dira amaieran.
#AltsasuAntifaxista 'bisitariak' agurtzen. Tentsio uneak bizi dira 'bisitari' bat probokatzera gerturatu denean. Guardia Zibilek borrak atera dituzte. pic.twitter.com/47Rhd7eafA
— Guaixe (@guaixe) 2018(e)ko azaroaren 4(a)
Bitartean, bestelako hitzordua dute Iortia plazan. Han hainbat kontzertu eta bertso saio antolatu dituzte Altsasuko gazteekiko elkartasunez. Atzoko manifestazioari jarraikiz, jendetza batu da gaur ere bertan.
Zaballan
Adur Ramirez de Aldaren eta Iñaki Abaden deia jaso zuten atzo euren gurasoek. Gazteek Zaballako (Araba) espetxetik deitu zieten. Han daude beste bost gazte altsasuarrak ere joan den irailaz geroztik.