politika

Varela epaileak Garzonen aurkako auzitik kanpo utzi du Falangea

Akusazio idatzian jarritako "balorazio pertsonalak" aldatzeko eskatu zien, baina alderdi ultraeskuindarrak ez zion jaramonik egin. Garzonek eskatu du bere aurkako epaia artxibatzea.

2010eko apirilaren 23a
18:09
Entzun
Luciano Varela Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak Falange Espainola eta JONS alderdia kanporatu du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurkako auzitik. Akusazio idatzian ipini zituzten "balorazio pertsonalak" zuzentzeko eskaera ez betetzeagatik utzi ditu epaiketatik at. "Historiaren epaile" edota "garaituen askatzaile" deitzen zioten idatzian. Falangeak eta Manos Limpias sindikatu ultraeskuindarrak Garzon hogei urtez kargugabetzeko eta 300.000 euroko bermea ordaintzeko eskatu zuten, frankismoan desagertutakoen egoera argitzeko hasi zuen auziagatik.

Helegitea aurkeztuko du Falangeak, erabakia "gai ideologikoetan" sustatu baita euren esanetan.

Beste aldetik, Garzonek bere aurkako epaia artxibatzea eskatu du. Varela magistratuak "inpartzialtasuna" galdu zuela dio, Falange eta Manos Limpiasi akusazio idatzia berridazteko aukera eman zienean.

2008an abiatutako ikerketa



2008ko urriaren 16an hasi zuen frankismoko desagerpenei buruzko ikerketa Garzonek. 115.000 lagun bilatu eta identifikatzeko eskatu zuen, hemeretzi hobitan indusketak egiteko; tartean, Ezkabako gotorlekuan. Frankismoak gerra krimenak egin zituela esan zuen magistratuak, eta haien arduraduntzat jo zituen erregimeneko 35 goi kargu; besteak beste, Francisco Franco bera. Altxamendua ongi planifikatutako ekintza izan zela deliberatu zuen, eta Espainiako Errepublikako Gobernuko arduradunak desagerraraztea zuela helburu. Alabaina, krimenen arduradunak hilda daudenez, haien delituak iraungi direla zehaztu zuen.

Iazko maiatzaren 27an inputatu zuten, Manos Limpias taldeak jarritako kereila onartu egin zuelako Auzitegi Gorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.