Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkari ohi Rafael Veraren ustez, Felipe Gonzalezek Alfredo Perez Rubalcaba eta Ramon Jauregi babestu nahi ditu El País egunkarian egindako adierazpenekin. «Horixe da galdera; zergatik sartu gaitu [Felipe Gonzalezek] anabasa honetan?Azalpen bakarra daukat: Rubalcaba eta Jauregi tiro lerrotik ateratzen ahalegindu da, urte haietan lehena gobernuko eleduna baitzen eta bestea gobernu ordezkaria EAEn, eta orain GALengatik erasoak jasaten ari baitira», dio Verak, Espainiako La Gaceta egunkariari eskainitako elkarrizketan. «Gauzak muturrera eramaten ari dira, bi ministroak GALekin lotzeko, egin berri den gobernu aldaketa higatzeko xedez».
Espainiako gobernuburu ohiak El País-en esan zuen ETAko buruzagitza «lehertzeko» aukera izan eta ez zuela egin, eta zalantza duela ongi egin zuen. Veraren arabera, Gonzalezek «informazio ez kontrastatua, okerra edo toxikatua» zuen ETAren ustezko bilera hartaz. «Barne Ministeriora ere iritsi zen informazioa, baina ez genuen jaso bilera lehertzeko proposamenik. Aztertu egin zen, eta datua kontrastatu gabe zegoela, hutsuneak zituela eta interesik ez zuela ondorioztatu genuen. Ezer ez egitea ebatzi genuen».
Ikertzeko eskaera
Laura Martinek, GALek hildako Juan Carlos Garcia Goenaren alargunak, Espainiako Estatuko fiskal nagusiari eskatu dio Gonzalezen adierazpenak ikertzeko, «terrorismoaren gorazarrea» izan daitezkeelako. Martinekin batera, Antonio Romero IUko legebiltzarkide ohi espainiarrak egin du eskaera.
Vera: «Adierazpenekin, Rubalcaba eta Jauregi tiro lerrotik ateratzen ahalegindu da Gonzalez»
ETAren ustezko bileraz informazio «oker edo toxikatua» jaso zuen Espainiako lehendakari ohiak, Veraren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu