Veraren indultua ez ezik, auzi beragatik Espainiako Auzitegi Gorenak sei urteko espetxe zigorra berretsi dion Jose Maria Rodriguez Colorado Poliziaren zuzendari nagusi zenarena ere eskatu dute aipatutako agintari sozialista ohiek.
Diru berezien auziaren aurretik, Segundo Mareyren bahiketagatik zirgortu zuten Rafael Vera. Mareyren bahiketa GALen lehendabiziko ekintza izan zen. Hala ere, 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten arren, bi hilabete eta erdi baino ez zituen egin kartzelan, 1998ko irailetik abendua bitartean. Izan ere, Espainiako Gobernuak indultu partziala eman zion eta Auzitegi Konstituzionalak zigorra eten zuen. Gero, Auzitegi horrek berretsi egin zuen zigorra, baina orduan, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hirugarren gradu berezia eman zion "segurtasun arrazoiengatik".Azkenean, iazko abuztuan Mareyren bahiketagatiko behin betiko askatasuna erditsi zuen, Gobernuren indultu partzialaren bidez 3 urte eta lau hilabetera murriztu baitzioten zigorra.
Vera espetxeratzeko aukerarekin lotuta, adiearazpen deigarriak egin zituen atzo Juan Carlos Rodriguez Ibarra Extremadurako presidente sozialistak: GALen aferan Vera errugabe dela aldarrikatu zuen, eta talde armatu horren benetako arduradunak nortzuk diren berak badakiela iradoki zuen.
GALen auzia