Emaztekia, senarraren erranetara, hark errandakoak zalantzan jarri gabe eta etxean lanean. Gizona, berriz, familiaren buru. Eta biak Jainkoaren zerbitzura. Erlijio ebanjelistak zorrotz banatzen ditu genero rolak, eta badira banaketa horiek bere hartan irautea ziurtatzen dutenak. Hain justu, horren berri zabaldu zuen otsailean Newtral desinformazioaren kontrako hedabideak: Ziritzako (Nafarroa) Vida Nueva zentroa kultu ebanjelistakoa da, eta hartan egon diren hainbat eta hainbat lagunek salatu dute exorzismoak, tratu txarrak eta ezkontza behartuak izan direla han.
Ikusi gehiago
Noemi Lopez kazetariak (Bilbo, 1988) atera du kasua argitara, eta ikertzen ari da oraindik. Esplikatu duenez, lehenbiziko bortz testigantzen berri eman zuenetik, bertze kasu batzuen berri izan du, eta ondorioztatu du patroi bat dagoela: erabiltzaile guztiak egoera «arras zaurgarrian» daude, zentrora iristean gauza guztiak kentzen dizkiete, eta, gainera, lehenbiziko hilabetean ezin dira kanpoko inorekin solastatu.
Vida Nueva zentroko kideak 80ko hamarkadan hasi ziren hiesa eta droga mendekotasuna zutenak artatzen, Iberon (Nafarroa), eta 2001ean Ziritzara aldatu ziren. Zentro horrek hiru eremu ditu: emakumeendako bat, haurrekin diren amentzako bertze bat, eta gizonendako bertze bat. Hiru ataletako erabiltzaileekin mintzatu da Lopez, baina emaztekien testigantzetako bortz plazaratu ditu oraingoz. Ikerketa martxan denez, ezin du xehetasun handirik eman gizonek kontatutakoaren inguruan, baina erran du egoera «oso larriak» daudela atal horretan ere, eta gizonei ere aplikatzen dizkietela «konbertsio terapiak». «Ez dira pribilegioan bizi, muturreko bortizkeria jasaten dute, zigor fisikoekin lotuta. Haiek ere lan arloko esplotazioa salatu dute», adierazi du.
Zaurgarrienak
Zentroak sorreran egindako lanaren ondorioz, «profesional ontzat» hartzen dituzte han aritzen direnak, Lopezek kontatu duenez: «Osasun zentroen erregistroan daude, eta, beraz, profesionaltasun itxuraz egiten dute lan». Errealitatea bertzelakoa dela ikusi du, ordea: «Zentroan egon diren emakume guztiek ez dute profesionalen esku hartzea eskatzen duen arazorik. Han egon diren nesketako asko bestara asko ateratzen zirelako sartu zituzten zentroan, edo goiz hasi zirelako sexu harremanak izaten». Finean, zentroko nesketako anitzek «alaba arazotsuaren» etiketa zuten.
«Zentroan egon diren emakume guztiek ez dute profesionalen esku hartzea eskatzen duen arazorik. Han egon diren nesketako asko bestara asko ateratzen zirelako sartu zituzten zentroan, edo goiz hasi zirelako sexu harremanak izaten»
NOEMI LOPEZ Kazetaria
Adibide bat jarri du: zenbait neska zentrora eraman zituzten elikadura nahasmenduak zituztelako, baina Lopezek jakin du neska horiek sexu indarkeria jasan zutela, eta familiako kideak zirela haien erasotzaileak. «Familiek ez zioten horri aurre egin nahi, eta neskak zentrora sartuz gainetik kentzen zuten arazoa. Neskek islatzen zutena deserosoa baitzen: gazte horiek, nolabait, familiak aurre egin nahi ez zion gauza larriago baten sintoma ziren».
Erabiltzaile guztiak, baina, ez dituzte familiako kideek eraman, horietako batzuk prostituzioaren arlotik edo bertzelako ingurune arras bortitzetatik iritsi baitira harat. «Hain egoera zaurgarrietan egonak dira, ezen batzuetan errazagoa baitzaie zentroan egotea, kalean egunero bortizkeria jasatea baino», gehitu du.
Zentrora bide batetik edo bertzetik ailegatu, erabiltzaile guztiak «zaurgarritasun handiko egoeretan» egonak direla ondorioztatu du Lopezek: «Ez dakite zergatik, baina denei iruditzen zaie gaiztakeria moduko bat dutela barruan, hautsita dagoen zerbait. Familian edo oro har gizartean arazoak dituzten horietakoak direlako». Zentroko kudeatzaileek hori badakite, eta erabiltzaileak zaurgarriak izateaz baliatzen dira, instrumentalizatu egiten dute hori, haiek kultu ebanjelistaren arabera moldatzeko, Lopezek kontatu duenez.

Instrumentalizazio hori zentrora sartu aitzinetik hasten da. Izan ere, Lopezek esplikatu du erabiltzaileek «erakutsi» behar dutela han egon nahi dutela, bertzelako bizitza bat nahi dutela, eta, horretarako, behin eta berriz deitu behar dute zentrora, eta han egon nahi dutela adierazi.
Behin pertsona bat zentroan sartuko dela erabakita, bere gauza guztiak kentzen dizkiote, aitzineko bizitzarekin loturarik ez izateko. «Zera esaten diete: ‘Zure iraganarekin hautsi behar duzu, beste bizitza bat hasi’. Beren identitatetik urruntzeko eskatzen diete, identitate hura negatiboa zela eta diren hori desagerrarazi behar dela esanez», adierazi du Lopezek. Jarraian, hilabete batez inkomunikatuak egotera behartzen dituzte, argudiatuta terapiaren parte dela. Baina ez dira guztiz bakarrik egoten: itzala izeneko pertsona bat dagokie sartu berri guztiei. Hark leku guztietara laguntzen ditu, komunera ere bai; harekin solastatu daitezke, baina aginduez soilik, aipamenik ez gai edo kezka pertsonalei.
Lopezek kontatu du zorrotz kontrolatzen dutela sartu berriek intimitaterik ez izatea: erabiltzaile ohietako batek kontatu zion barrenean hilabete eskas zeramanean familiako kide bat hil zitzaiola, eta, salbuespen moduan, hiletara joateko baimena eman ziotela. Hori bai: itzala harekin joan zen, ziurtatzeko neska ez zela inorekin mintzatzen.
Zigorrak
Lopezek hasierako patroi hori identifikatu badu ere, aitortu du zentroko kudeatzaileek ematen dituzten aginduetan «barne kaosa» dagoela: «Identifikatzen dute norberarentzat zer gauza diren garrantzitsuak, komeni zaienean eman edo kentzeko». Haurrekin diren amen adibideak eman ditu: «Baldin badakite ama bati kosta egiten zaiola umearekin bortitza izatea, behartu egiten dute umeak oihu egiten duenean edo ‘gaizki’ portatzen denean hura lurrera botatzera, eta beren burua umearen gainera botatzera. Beste ama batek kontatu zidan umearekin bakarrik egon nahi izaten zuela, eta arduradunek hori jakin zutenean hamabortz minutuz soilik uzten ziotela umearekin egoten, eta haurrak negar egiten zuenean ez ziotela uzten hura lasaitzen».
Amek umeen kontra bortizkeria fisikoa erabiltzea adierazgarria zaio Lopezi. Zertaz? Bada, zentroan gizonek soilik dutelako baimena indarra erabiltzeko, bertze gizonen edo emakumeen kontra. Han sustatutako genero rol hertsien bertze adibideetako bat.
«Identifikatzen dute norberarentzat zer gauza diren garrantzitsuak, komeni zaienean eman edo kentzeko»
NOEMI LOPEZ Kazetaria
Emakumeen kontrako zigor orokortuagoak ere badira, genero rolei segika: garbitzea. Izan ere, zentroa garbitzea, jatekoa prestatzea eta otorduen ondoren jantokia garbitzea emakumeen lana da, baina norbait «kontra egiten hasten bada edo harroa bada» lan gehiago ematen diote, Lopezek kontatu duenez. Zigor horiek edozein arrazoirengatik jartzen ahal dizkiete: arduradun bati begiratzeagatik, zerbait galdetzeagatik edo protesta egiteagatik, adibidez.
Lopezek frogatu ahal izan du, gainera, testigantza eman dioten emakume horiek zentroan ez ezik kanpoan ere garbiketa lanak egiten zituztela. «Kanpoko enpresak garbitzera joaten ziren, zentroari ekarpena egiteko. Arduradunen esanetan, lan horiek terapiaren parte dira: esaten zieten gizarteratzeko langileak izaten ikasi behar zutela, etxe barruko lanak egiten, noski». Lan horien truke, baina, ez zieten ezer ordaintzen eta ez zeuden Gizarte Segurantzan izenda emanda; hortaz, emakume horiek lan arloko esplotazioa jasan dutela salatu du Lopezek.
Ezkontza behartuak
Erlijioan oinarritutako terapia, zigor arbitrarioak eta lan esplotazioa ez ezik, zentroan ezkontza behartuak ere izan direla jakin ahal izan du Lopezek. Eta hori zen «aterabide bakarra» emazteki anitzendako.
Zentroko erabiltzaile ohiek kontatu diotenez, asteburuetan kultuetara joaten ziren zentroko kideak, eta hori zen kanpoko munduarekin zuten harreman bakarra. Mundu hori, baina, guztiz neurtua zen: ekitaldi horietara joaten zen jendea ebanjelista zen, eta, beraz, zentroko arduradunen ingurukoa. Jende horrekin ezkontzera behartzen zituzten zentroko emakumeak, erabiltzaile izandako andreek kontatu dutenez. Eta, hain justu, ezkontza heterosexual horiek inposatzea zen neska horietako batzuen homosexualitatea «zuzentzeko» moduetako bat.

