Windows 10 ez da itzaliko, oraingoz

Microsoftek Windows 11 sistema eragilera pasatzeko eskatu du. Sistema zaharra erabili ahal izango da, baina ez ditu debaldeko eguneratzeak izango, eta ahulagoa izango da birusen kontra.

Windows sistema duen ordenagailu bat eguneratzen. BERRIA
Windows sistema duen ordenagailu bat eguneratzen. BERRIA
Julen Urrestarazu
2025eko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Teknologia etengabe doa berrituz, baita sektore horretako multinazionalen zerbitzuak ere. Microsoft horren adibide da: urriaren 14tik, ez dio euskarririk ematen Windows 10 sistema eragileari, nahiz eta softwareak oraindik funtzionatzen duen.

Microsoftek 2021eko urriaren 4an atera zuen Windows 11 sistema eragilea, eta 2022tik Windows 10 daukaten ordenagailuek debalde eguneratu ahal izan dute sistema berrienera. «Ordenagailua azken lauzpabost urteetan erositakoa bada, ziurrenik aukera emango luke pasatzeko; eta azken bi urteetan erositakoa bada, Windows 11 izango du ziur asko», argitu du Iraitz Gesalaga IZT informatika zerbitzuen enpresako teknikariak. 

Hala ere, ordenagailuek baldintza batzuk bete behar dituzte sistema eragile berria izateko. Eskakizun nagusia da bigarren bertsioko TPM txipa izatea. «Bost urtetik gorako ordenagailuek ez daukate txip hori, eta baldin badute, aktibatu gabe egoten da», jakinarazi du Gesalagak.

Segurtasunean zaurgarri

Windows 10 sistemarekin jarraitzearen arrisku handiena segurtasuna izango da, adituek diotenez. Eguneraketarik ez duenez izango, ordenagailua ez da prest egongo birus berriei aurre egiteko. Yeray Gascon Talaios Kooperatibako diseinatzaileak eta web garatzaileak jakinarazi du arazoak «egunero» aurkitzen direla sistema eragileetan, eta «partxeen» bidez konpontzen direla.

Sistema zaharreko ordenagailuak dituzten espazioek «fidagarritasuna» gal dezaketela adierazi du Gasconek: «Windows 10 administrazio publikoetan mantentzen dela jakingo balitz, eraso zuzenagoak egin ahalko litzaizkieke». Haren aburuz, Windows 10 duen erabiltzailea «zaurgarria» izango da zibersegurtasun aldetik.

«Windows 10 administrazio publikoetan mantentzen dela jakingo balitz, eraso zuzenagoak egin ahalko litzaizkieke»

YERAY GASCON Talaios Kooperatibako diseinatzailea eta web garatzailea

Bada, Windows 10 sistemarekin jarraitu nahi duten erabiltzaileek ordainpeko segurtasun eguneraketak egin ditzakete hiru urtez. Prezioa bikoiztuz joango da urtero —lehenengo 30 dolar, gero 60 eta hirugarrenean 120—, eta erabiltzaile hori bere Microsoft kontuan online konektatu beharko da gutxienez hogei egunetik behin. Hala ere, Gesalagak dio baldintza horiek ez daudela argi oraindik, enpresak «azken momentuan» aldatzen dituelako.

Horrez gain, Microsofteko aplikazioek ez dute eguneraketarik egiteko aukerarik izango Windows 10 sistemako bertsioetan. Segurtasun kalterik ez izateko, hiru aukera gomendatzen ditu Gesalagak: «Segurtasun eguneraketak edukitzeko ordaintzea, ordenagailu berri bat ordaintzea edo sistemaz aldatzea eta sistema librera pasatzea».

Microsoften negozio eredua

Windows 10 sistemak hamar urte bete dituen arren, multinazionalak sistema mantendu eta eguneratu ahalko lukeela pentsatzen du Gasconek, baina horrela «negozioa bukatuko» litzaiokeela enpresari: «Sistema eragile berria ateratzean, besteak beste, enpresa burtsan igotzen da. Hori da gaur egun teknologia mundua mugitzen duena». Haren ustez, Windows enpresak bere negozio ereduarekin aurrera jarraitzeko «hurrengo pausoa» da Windows 11. 

Ados agertu da Gesalaga, eta gehitu du Microsoftek «monopolio totala» dauka ordenagailuko sistemen merkatuan: «Fabrikatzaileekin akordioak dituenez, ordenagailu berriak behar diren sistema bat sortzen du, eta bezeroek enpresa horiei erosten dizkiete».

«Fabrikatzaileekin akordioak dituenez, ordenagailu berriak behar diren sistema bat sortzen du, eta bezeroek enpresa horiei erosten dizkiete»

IRAITZ GESALAGA IZT enpresako teknikaria

Statcounter zerbitzuaren datuen arabera, egun, munduko hamar ordenagailutik zazpiren baino gehiagoren sistema eragilea Windows da. Zehazki, sistema eragile hori duten ordenagailuen artean, ia erdiek dute Windows 11 eta hamarretik lauk, berriz, Windows 10.

AEBetako multinazional horren erabakia «politikoa» izan dela uste du Gesalagak, bigarren bertsioko TPM txip-a ez daukaten ordenagailuak ezin direla eguneratu deliberatuta: «Airean utzi ditu zaharkitu gabe dauden 400.000 milioi ordenagailu». Haren aburuz, «beren interesetan» eta «diru irabazietan» pentsatu du, ez erabiltzaileetan.

Sistema libreak

Windows «kode itxia» daukan sistema eragile bat da, hau da, ezin da ikusi sistemak zer egiten duen norberaren datuekin, ezta zertarako erabiltzen dituen ere. Sistema libreak —hala nola Linux—, berriz, «etikoagoak» dira Gesalagarentzat, ez dutelako informazioa «lapurtzen» edo «baliatzen».  

Sistema libreetan ikusten da programek datuekin zer egiten duten eta programa hori nola eginda dagoen. «Windows 11k, gainera, adimen artifiziala gehiago erabiliko du, eta batek daki horrek zer egingo duen», adierazi du Gesalagak.

Horrez gain, Gasconek azaldu du ez dagoela negozio eredu bat sistema mantentzean: «Linuxek ez du Ubuntu 2 egingo —Ubuntu da Linuxen distribuzioetako bat—». Eguneraketak sistema eragile librearen barruan egiten dituzte.

Gasconek argi du Linux dela sistema seguruena. Azaldu duenez, birus gutxi daude sistema libreetan, gehienak Windowserako eginda baitaude. Gainera, edozein hizkuntzatara itzul daiteke, ordaindu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.