Gasteiz antzokiak aurrera egiteko «bermeak» galdegin ditu Lazarraga elkarteak

Gasteiz antzokian garatu nahi den proiekturako neurriak martxoan bertan hartzera premiatu du udala. Elkarteak ohartarazi du egitasmoaren jarraitutasuna dagoela jokoan.

Ruiz de Bergaratarren jauregian irekiko dute Gasteiz antzokia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ruiz de Bergaratarren jauregian irekiko dute Gasteiz antzokia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko martxoaren 15a
16:10
Entzun

Euskalgintzako eragileek eta euskararen eta kulturaren munduko hainbat pertsona ezagunek egin duten eran, Lazarraga kultur elkarteak ere Gasteizko Udala premiatu du Gasteiz antzokia lehenbailehen irekitzera. Ohar batean, kulturgune euskaltzalea martxan jarri ahal izateko «beharrezkoak diren bermeak» eskatu dizkio Gasteizko Udalari.

Elkartea oso kezkatuta dago proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren bermeak oraindik ez daudelako adostuta, eta kezkaz begiratzen die behin eta berriz izandako «atzerapenei eta oztopoei». Hori horrela, bi eskaera egin ditu. Ade batetik, proiektuak orain aurrera egiteko behar dituen «bermeak» hurrengo asteetan ziurta ditzala eskatu dio udal gobernuari. Bestetik, proiektuari azken bultzada emateko konpromisoa har dezatela premiatu ditu udal batzarra osatzen duten alderdi guztiak, antzokia «berehala» ireki dezaten. Aldi berean, Gasteizen euskararen biziberritzean eta normalizazioan aritzen diren eragile, talde eta erakundeen babesa eskertu du, baita egunotan sinadura bilketan parte hartu duten herritar eta norbanakoena ere.

Urratsak, martxoan bertan

Urte eta erdi pasatu da publikoki kulturgunea irekitzeko moduan zegoela adierazi zenetik, eta 2024ko martxoan Izaskun Arrue kulturguneak ezin izan ditu ateak ireki oraindik; are gehiago, oraindik ez dauka irekiera datarik zehaztuta. Lazarraga elkarteak jakinarazi duenez, udaleko arduradunek kulturgunea lehenbailehen irekitzeko nahia adierazi diete, eta hori bideratzeko «azken ukituak» ematen ari dira. Udalak elkartearekin sinatu beharreko hitzarmena adosteko bidean dagoela ere azaldu dute.

Ohartarazi dute, ordea, «borondate ona», ez dela aski, eta jakinarazi bermeak eskatu dizkiotela udalari azken egunotan izandako hartu-emanetan. Alde batetik, Izaskun Arrue kulturgunean garatu nahi den proiektuak ezinbestekoak dituen erantzunak eta aurrerapausoak martxoan bertan bermatuta jasotzea beharrezkoa da elkartearentzat. «Proiektuaren jarraitutasuna dago jokoan, eta elkarteak kudeaketa lanekin jarraitzeko irtenbideak behar ditu, berandu baino lehen».

Halaber, Ruiz de Bergaratarren jauregia «bizitzaz» betetzeko konpromisoa hartzeko eskatu die udal talde guztiei, oraindik hutsik baitago. «Urteetako lana eta eragile askorekin egindako elkarlana dago horren guztiaren atzean, eta lehentasunezko tratua ezinbestekoa du gaiak, Izaskun Arrue kulturgunea bere bidea egiten has dadin», adierazi du elkarteak. Ohartarazi du Gasteiz antzokia ez dela bakarrik udalaren edo Lazarraga kultur elkartearen egitasmo bat, Gasteizko herritar guztiona den «hiri proiektua» baizik.

«Urteetako lana eta eragile askorekin egindako elkarlana dago horren guztiaren atzean, eta lehentasunezko tratua ezinbestekoa du gaiak, Izaskun Arrue kulturgunea bere bidea egiten has dadin».

LAZARRAGA KULTUR ELKARTEA

Azken urteetako etengabeko gorabeherek Lazarraga kultur elkartea eta proiektua bera «muga-mugako egoerara» eraman dutela nabarmendu dute oharrean. «Proiektuaren jarraitutasuna ez ezik, elkartearen beraren iraupena ere kezka nagusi bilakatu da elkartekideentzat. Izan ere, ezinbestekoak diren bermeak izan gabe, itsu-itsuan ari da lanean proiektuaren alde, eta bizirik mantentzeko eginahaletan». Kezka hori Gasteizko euskaltzale guztiena ere badela gaineratu dute.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.