Baionako besten «faxistizazioa» salatu dute zenbait herritarrek

Asteazkenean hasiko dira hiriburuko bestak. Azken urteetan besta garaian izaten diren joera «faxistak» kritikatu dituzte, baita herriko etxeak hartzen dituen segurtasun neurriak ere.

Baionako besten denboran den faxismoa salatu dute goizean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Baionako besten denboran den faxismoa salatu dute goizean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
Baiona
2025eko uztailaren 5a
13:01
Entzun 00:00:0000:00:00

Heldu den asteazkenean hasiko dira Baionako bestak, igandera arte. Hasteko eguna hurbiltzen ari dela eta, Baiona eta inguruko hamar bat biztanle elkartu dira, goizean, Baionako herriko etxearen aitzinean, besten denboran gertatzen ari den «faxistizazioa» salatzeko, Faxismoa borrokatu lelopean.

«Ez da Estatu Batuetara so egin behar eskuin muturraren gorakada ikusteko. Azken urtean, adierazpen faxistak gero eta leku gehiago hartzen ari dira Euskal Herrian, eta Baiona horren lekuko da. Ideia erreakzionarioek gero eta indar handiagoa dute», nabarmendu dutenez. Iazko besten aldian izan ziren ekintza «faxistak» aipatu dituzte, bereziki Frantziako Asanblearen bozen ondorioz gertatu zirenak: «Hauteskundeetan emandako boterea baliatuz, talde faxistak lasaiki promenatu ziren Baionan zehar, agur nazia eginez, Hitlerren irudiak jantziz, eta Jordan Bardellaren aldeko oihuak kantatuz». Gehitu dute eraso matxisten kontrako afixei eraso zietela, ikur faxistekin estaliz. Egoera horren aitzinean, Baionako besta seguruen aldeko aldarria nagusitzen ari dela uste dute.

Segurtasuna indartuz

Erasoen ugaritzearen aitzinean, segurtasuna indartzeko erabakia azpimarratu dute herritarrek: «Poliziak ez gaitu zapalduok babesten, alde batetik faxismoaren konplizitatez eta inpunitatez jokatzen dutelako, eta, bestetik, autoritarismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakadak ematen dion arbitrariotasuna gu zapaltzeko erabiltzen dutelako». Hain zuzen ere, urteak pasatu ahala, Baionako Herriko Etxea polizia agenteen kopurua emendatzera doa. Azpimarratu dute ezen, erasoen aurrean auher egoteaz gain, iazko aldian polizia gizon batzuek ikur faxistak zeramatzatela soinean, eta besten bezperan karriketan ibili zirela jendea «iziaraziz».

«Segurtasunaren izenean, Baionako karriketan arduradunak banatu eta segurtasun indarrekin elkarlanean protokoloak sortzen ari direnak badira. Segurtasuna ez dugu ulertzen Poliziaren emendatzearekin lotua, ezta haiekin elkarlanean aritzearekin ere». Horregatik, herriko etxeak eta 2032 kolektiboak proposatzen duten segurtasunaren «ulerkeria» kritikatu dute. Eta instituzioetatik kanpo faxismoaren aurka «antolatzeko» deia egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.