Eraikina oraindik zutik badago ere, beste salaketa bat jarri dute Xabi Alonsok Igeldoko (Donostia) Txalin parajean eraikia duen txaletaren harira. Zehazki, Ekologistak Martxan eta Haritzalde elkarteek jarri dute salaketa futbol entrenatzaile tolosarraren enpresaren aurka, Tavaro XXI etxearen aurka, Gipuzkoako fiskaltzan. Etxera sartzeko bidearekin du zerikusia salaketak: bi elkarteek salatu dutenaren arabera, txaletaren ondoan dagoen ur depositu munizipalera sartzeko baino ez da bidea, baina Tavaro XXI enpresak lagapen bat zuen bidea erabiltzeko; hala ere, martxoaren 21ean iraungi zen baimen hori, eta horregatik jo dute auzitara. Gainera, gehitu dute martxoaren 21etik hona bidea erabiltzen jarraitu dutela, «legez kontra».
Baina elkarteek ez dute soilik Alonsoren enpresaren kontra egin, Donostiako Udala ere salatu baitute, ustezko bi deliturengatik. Bidea erabiltzeko lizentzia martxoaren 21ean amaitu zenez, elkarteek fiskaltzari eskatu diote ikertu dezala Tavaro XXI enpresa ustez ondasun publikoak usurpatzeagatik, Zigor Kodearen 245.2 artikuluaren arabera, enpresak «jabetza publikokoa den bide bat erabiltzen jarraitu baitu nahiz eta horretarako titulurik ez izan». Horrez gain, Ekologistak Martxan-ek eta Haritzaldek uste dute balitekeela Donostiako Udalak prebarikazio delitua egin izana, udalari baitagokio bidearen jabetza osoa berreskuratzeko ardura; zehazki, «Udal Mantentzeko zinegotzia» izango litzateke delitu horren egilea, «departamentu horrek eman baitzuen baimen berezia».
Kalifikazioa aldatzeko eskaera
Elkarteek gaineratu dute badakitela Alonsoren enpresa eta Donostiako Udala negoziatzen ari direla etxera sartzeko bide horri kalifikazioa aldatzeko eta depositurainoko bidea bide publiko bilakatzeko. Hori bera ziurtatu du El Diario Vasco egunkariak, eta jakinarazi txaletaren jabeak, Tavaro XXI enpresak, bidearen kalifikazioa aldatzeko eskatu diola udalari. Ekologistak Martxan-ek eta Haritzaldek uste dute balitekeela kalifikazio aldaketa hori ere prebarikazio delitu bat izatea, irizten baitiote aldaketa ez dela zerbitzu publikoa hobetzeko, «bidea soilik ur depositura iristen da eta».
Bi elkarteek gogorarazi dute enpresak eraikitzeko baimena jaso zuela, nahiz eta ez zuen errepide publiko baterako sarrerarik. Hori dela eta, udalak lau urteko baimen berezia eman zion enpresari, eta aurtengo martxoaren 21ean iraungi da. Baimen berezi hori ere legearen kontrakoa zela uste dute bi elkarteek, halako baimenak «zerbitzu publikoarekin zerikusia duten erabiltzaileek soilik» jaso baititzakete. Gainera, nabarmendu dute baimen hori ezin zela luzatu, «Ondasunaren Legearen 92. artikuluaren arabera».

Hainbat auzi epaitegietan
Xabi Alonsoren enpresak Igeldoko Txalin parajean eraiki duen txaletak hasieratik eman du zeresana. Martutenen (Donostia) baserri bat zuen pertsona bati lurra desjabetu zioten, eta Igeldon etxe bat eraikitzeko baimena eman. Ondotik, higiezinen enpresak eskuratu zuen baimen hori. Hala, txaleta eraiki zuten, baina zenbaitek gaitzespena agertu zuten, hainbat motibo zirela medio: Lurraren Legea urratzea, eraikuntza irizpideak ez betetzea, hiri antolamendurako plan orokorraren irizpideak urratzea, bide publiko batera sarbiderik ez duen lur batean txalet bat eraikitzen uztea... Hori dela eta, 2024an Donostiako administrazioarekiko auziekiko 3. aretoak bertan behera utzi zuen txaletaren obren lizentzia, Haritzalderi eta Ieltxo kultur elkarteari arrazoia emanda —2022an jarri zuten salaketa—.
Zehazki, epaitegiak ebatzi zuen Donostiako Udalak baimendutako eraikuntzak ez zuela zerikusirik jatorrizko baserria berreraikitzearekin —jatorrizko baserria Martutenen zegoen, eta AHTaren lanengatik desjabetu zuten— . Hala ere, enpresak eta Donostiako Udalak helegitea jarri zuten, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak oraindik ez du ebazpenik eman. Hori dela eta, eraiste prozesua geldirik dago oraindik, eta Eneko Goia Donostiako alkateak gezurtatu egin zuen epaiak eraikuntza eraistera behartzen duela.
Erlazionatuta
Beste auzi bat ere badago epaitegietan; izan ere, eraikuntza lanak klandestinoki egin izana ere salatu zuten. Javier Olaberri abokatuak BERRIAri maiatzean azaldu zion zergatik uste duten obra klandestinoa dela: «Obra klandestinoa dela ebatzi dezaten nahi dugu, txaleta ez zutelako eraiki lizentzia eman zioten tokian; mugitu egin zuten», azaldu zuen orduan. Era berean, ebazpen hori garrantzitsua izango dela uste du abokatuak, haren arabera erabakiko baita nork ordainduko duen eraiste lana epaile batek hala irizten badio: klandestinoa dela ziurtatzen bada, promotoreak ordaindu beharko du, eta ez bada hala, aldiz, Donostiako Udalak ordaindu beharko du.