«Hau ezin da errepikatu, ez hemen, ez inon»

Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta ilegala dela berretsi dute beste behin ere salatzaileek. Azpimarratu dute legeak ez duela babesten Donostiako Martutene auzoan desjabetutako baserri bat Igeldon berreraikitzea.

Igeldon Donostiako udalak baimendutako txaletari buruzko epaiaren balorazioa
Karmele Garmendia, Eneko Dorronsoro eta Javier Olaberria, gaurko agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko otsailaren 2a
16:00
Entzun

Xabi Alonso futbolari ohi eta entrenatzailearen Igeldoko txaleta «legez kanpokoa» dela eta «eraitsi egin behar» dela salatu dute eraikinaren kontrako salaketa jarri zuten elkarteetako ordezkariek. Igeldoko plazan prentsaurrekoa egin dute Haritzalde Naturzaleen Elkarteko, Ieltxo Kultur Elkarteko eta Igeldoko Herri Kontseiluko kideek, Javier Olaberria abokatuarekin batera. Donostiako Udalak baimendutako txaletari buruzko epaiaren balorazioa egin dute, eta Eneko Goia Donostiako alkatearen jarrera salatu: udalak sententziaren kontrako helegitea aurkeztuko du, eta alkateak ukatu egin du epaiak txaleta eraistera behartzen duela.

Karmele Garmendia Ieltxo elkarteko kideak azpimarratu du udal arduradunak saiatu direla beren jarduera zuritzen, baina «argi eta garbi ikusten da txalet hori legez kanpokoa dela».

Martutenetik Igeldora

Martutene auzoko baserri baten desjabetze batean oinarrituta eraiki dute Igeldoko luxuzko txaleta. Abiadura handiko trenaren Hernani-Astigarraga zatiko obrak zirela eta, desjabetu egin zuten baserri bat: Goiatz-Berri. Baserriaren jatorrizko jabeak sozietate bati saldu zizkion lizentzia eta lursaila, Xabi Alonsori, alegia; eta futbolari ohiak erabaki zuen desjabetutako baserria Igeldon berreraikitzea. baimen horrek, lizentzia eman dio Alonsori desjabetutako baserri bat Igeldon berreraikitzeko. Javier Olaberria abokatuaren iritziz, ezin da Martutenen desjabetutako baserria modu espekulatiboan berreraiki: «Baserri bat desbideratzen badidate, ezin dut nik nahi dudan lekuan berreraiki, Igeldoko gune pribilegiatu batean edo Matxitxako lurmuturrean. Arauak ezartzen du hurbiltasun eta baliokidetasun irizpideak kontuan hartu behar direla».

Horrekin batera, salatzaileek beste behin nabarmendu dute eraikitzaileek ez dutela desjabetutako baserria berreraiki. Beste eraikin mota bat egin dutela baizik. Garmendiaren iritziz, ez da bete EAEko Lurzoruaren Legeak eta Donostiako udal ordenantzek ezartzen duten araua: «Izan ere, gaur egun daukaguna, eskarmenturik gabeko edozein begiradaren arabera, luxuzko diseinu garaikideko egoitza bat da, igerilekuarekin. Legez kanpokoa da txaleta, eta, beraz, hirigintza legeriaren arabera baino ezin da eraitsi».

Era berean, txaletaren eraikuntzan «irregulartasunen zerrenda amaiezina» izan dela aipatu dute Haritzalde Naturzaleen Elkarteko eta Ieltxo Elkarteko kideek: «Legezko epeen urraketak, tramitazioan jaso gabeko kokapenak, baldintzazko txostenak, sarbide propiorik ez izatea —nahitaezkoa bizitegi eraikin bat eraikitzeko—, legeak baimentzen duen baino askoz gehiago eraikitzea, sotoa egitea, igerileku bat eraikitzea —landa eremuan ez dago baimenduta— ...». Olaberrik, bestalde, zehaztu du eraikina «biratuta» dagoela, ez datorrela bat planoen kokapenarekin.

Martutene auzoko baserria eta Alonsoren txaleta
Martutene auzoko baserria eta  Xabi Alonsoren txaleta
Udalaren erantzuna

Txaleta «emandako lizentziaren kokapenarekin bat ez zetorrela» ikusi zutenean aurkeztu zuten salaketa Haritzaldek eta Ieltxok. Bada, salatzaileek diote Donostiako Udalak ez diola erantzun duela urtebete baino gehiago—2022ko azaroan— jarritako salaketari.

Haritzalde Naturzaleen Elkarteko, Ieltxo Elkarteko eta Igeldoko Herri Kontseiluko kideentzat «berebiziko garrantzia» du udalak salaketari erantzuteak, eta ea obra 2018an eman zuen lizentziarekin bat datorren edo ez esateak.

Olaberrik gaineratu du udalak izan beharko lukeela erantzuten lehena: «Errua sustatzailearena bada, erantzukizun ekonomikotik askatuko litzateke udala».

Eraitsi edo ez

Txaletaren kontrako epaia irmoa baldin bada, salatzaileen iritziz, ezinbesteko izango da txaleta eraistea. Olaberriaren ustez, udalak txaleta eraistea atzeratu baino ez du egingo: «Lizentziarik gabeko edozein lanek ezin du iraun. Udalak hala egiten ez badu, epaileak behartu egingo du».

Pauso bat gehiago eman, eta azaldu dute nork ordaindu beharko lukeen txaletaren eraistea. 2022ko azaroan udalaren aurrean salatu zuten txaletaren azken exekuzioa ez zela bat etorri emandako lizentziaren kokapenarekin. Alderdi horrek erabakiko du ea sustatzaileari dagokio eraistea ordaintzea, lizentziatik kanpo jarduteagatik, edo udalari dagokion.

Aurrera begira

Beharrezkoak diren arauak eta arau aldaketak idazteko eskatu dute, desjabetze espediente batek «nahierara berreraikitzeko espekulazioa» eragin ez dezan.

Karmele Garmendiak adierazi du Igeldoko luxuzko txalet hori Donostiako beste «izugarrikeria» kasu bat besterik ez dela: «Hau ezin da errepikatu, ez hemen, ez inon. Egiten ari garen borroka hau, hain zuzen ere, aurrekari arriskutsu bat saihesteko helburuarekin egiten dugu; desjabetze titulu hori espekulatzeko eta eraikitzeko erabil dadin eragozteko. Lurzoruaren Legea ez zen horretarako sortu, eta bete egin behar dira baliokidetasun eta hurbiltasun irizpideak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.