Urtarrila amaitu aurretik, orain arte Sorturen Herrigintzako idazkaria izan dena alderdi horren koordinatzaile orokorra bihurtzeko bidean da. Sortuko afiliatuek hilaren 21etik 23ra bozkatuko dute zuzendaritza berria, eta Xabi Iraola proposatu dute Arkaitz Rodriguez egungo EH Bilduko legebiltzarkidearen lekukoa hartzeko.
Sorturen iturrien arabera, alderdiaren IV. Kongresuan onetsi beharko dute militanteek Iraolaren lidergoa; donostiarra da, Igeldokoa, 1993an jaioa. Formakuntza aldetik, Lehen Hezkuntzako irakaslea da ikasketaz, eta Subiranotasuna Europako herrietan graduondokoa dauka. Nazio Kontseiluak alderdiaren koordinatzaile nagusia izateko proposatu du; izan ere, duela urtebetetik jakina zen Arkaitz Rodriguezek kargu hori utziko zuela. Hura hasi da jadanik EH Bildun dituen ardura berrietan.
Iraola sortukide ezaguna da; hedabideetan eledun gisa aritu da azken urteetan, Herrigintzako idazkaria izan baita. BERRIAri emandako elkarrizketa honetan ziklo politiko berri bati buruz aritu zen. Izan ere, Sortuk dio 2011n abiatu zen ziklo politiko berrian guztiz hazi eta hezitako militantea dela. Hain zuzen, 1993an sortua izaki, Iraolak 2011n bete zituen hemezortzi urte. Urte horretan, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitzeko erabakia jakinarazi zuen.
Sorturen Nazio Kontseiluak IV. Kongresurako proposatu duen koordinatzaile orokorra gazterik hasi zen militatzen. Ernai gazte antolakundea sortzeko prozesuan ere parte hartu zuen Iraolak, eta zuzendaritzako kide izan zen, Sorturen barruan ardurak hartu aurretik. Alderdiko Herrigintzako idazkaria da gaur egun; 2021ean hasi zen ardura horretan, eta, aurretik, alderdiko Gipuzkoako idazkaritzako kidea izan zen, herrigintzako arduretan han ere.
EH Bilduko eledun Pello Otxandianorekin batera lan egindakoa da Sortun. Esaterako, Euskal Herriari dagozkion eztabaida estrategikoak aurreratzeko plangintzetan; Sortuk dio hainbat hausnarketa estrategiko eguneratu dituela alderdiak azken urteotan, hala nola euskarari eta hezkuntzari loturikoak, eta horietan ekarpen handia egin duela Iraolak. Izan ere, Bidaide gogoetaren gidarietako bat izan da.
Kongresuaren ataria
Bihar bertan jakinaraziko du Sortuk zuzendaritza berriaren talde osoaren proposamena. Hamabost lagunen izenak jakinaraziko ditu Nazio Kontseiluak, eta hilaren 21etik 23ra bozkatuko dute sortukideek. Kongresua hurrengo egunean amaituko da, Irungo Ficoban.
IV. Kongresua urtebete aurreratzea erabaki zuten Sortuko kideek, 2025eko ekainaren 28an, Abadiñon egindako Nazio Konferentzian. «Askapen prozesuaren egungo fase politikorako egonkortasuna» bilatzeko helburuz ebatzi zuten aurreratzea. «Hego Euskal Herrian 2027ko udaberrian udal eta foru hauteskundeak izango direla aintzat hartuta, 2027ko urtarrilean egitekoak ginen Sorturen IV. Kongresua aurreratzea erabakitzeko aski arrazoi badela ondorioztatzen dugu», iragarri zuen alderdiak.
IV. Kongresuan, Sortuk erabaki du herri mugimenduan indar egitea: «Gure ekarpen behinena askotariko dinamika erreal eta eraginkorretan egitea ahalbidetuko dugu»
Datozen urteetarako bide orria zehazteko pausoa eman berri du Sortuk, Herri gogoa txostenaren lan ildoa onartuta. 2.000 militantek baino gehiagok parte hartu dute urri amaieratik aurrera egin dituzten ehundik gora batzarretan. Ohar bidez esan zutenez, «babes zabala» jaso du. Horrenbestez, IV. Kongresuan, Sortuk erabaki du herri mugimenduan indar egitea: «Gure ekarpen behinena askotariko dinamika erreal eta eraginkorretan egitea ahalbidetuko dugu».
Orain, prozesua muturrera eramateko urratsa egingo dute, Irungo Ficoban, datozen urteetarako bide orria eta gidaritza hartuko duen taldea aurkeztuz. Ehunka militante bilduko dira han; tartean, nazioarteko hainbat herrialdetako ordezkari politikoak.
Â