Euskara

Xabier Amurizak jasoko du III. Monzon-Ganuza saria

Amurizak bertsolaritzari eta, oro har, euskal kulturari egindako ekarpenak nabarmendu dituzte Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak.

Gorka Artola eta Iratxe Esnaola, gaur goizean. BERGARAKO UDALA
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 15a
12:49
Entzun

Xabier Amurizak (Etxano, Bizkaia, 1941) jasoko du III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria. Amurizak «Euskal Herriari, euskal kulturari eta euskarari» egindako ekarpena nabarmendu dute Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak. Saria emateko ekitaldia martxoaren 16an egingo dute, Bergarako Seminarixo aretoan (Gipuzkoa).

Bergarako alkate Gorka Artolak eta Olaso Dorrea fundazioko presidente Iratxe Esnaolak adierazi dute 1980ko hamarkadan «berritasun handiak» eraman zituela Amurizak bertsogintzara, eta egungo bertsolaritza ezingo litzatekeela ulertu hark egindako ekarpenak kontuan izan gabe: «Bai hizkera arloak, bai bere irudia eta metafora-mundu poetikoaren erabilerak eta, oro har, bertsoak egituratzeko moduak iraultza suposatu zuten bertsolaritzan». Era berean, gehitu dute euskara batua bertsolaritza txapelketetara eraman zuela.

Amurizak bertso eskoletan eragindako «iraultza» ere nabarmendu dute, batez ere, helduentzako lehen eskoletan. Harenak dira, besteak beste, Zu ere bertsolari eta Hiztegi Errimatua ikasmaterialak. Hala, adierazi dute «bertsotan aritzeko jaio egin behar da» ustea eraitsi zuela, eta bertsolari belaunaldi berrien segida bermatzen lagundu.

Bertsolaritza mundutik haratago, Amurizak euskal kulturari oro har egindako ekarpena izan dute hizpide Olaso Dorrea fundazioko eta Bergarako Udaleko ordezkariek: «Nabarmena da urte latzetan herri honekiko azaldutako konpromisoa». Gogoratu dute Gogor apaiz mugimenduaren bultzatzaile izan zela, eta Bilboko apezpiku etxean egindako itxialdian parte hartu zuela. Horren ondorioz, zazpi urte egin behar izan zituen espetxean.

1976an utzi zuen apaizgoa, eta 1980ko hamarkadan zenbait kargu politiko izan zituen: Zornotzako Udaleko zinegotzi, Bizkaiko Batzar Nagusietako kide eta Eusko Legebiltzarreko parlamentari izan zen, Herri Batasunaren ordezkari gisa. Era berean, Amurizak idatzitako eleberri, narrazio, olerki liburu eta saiakerak ere kontuan hartu dituzte antolatzaileek, baita hark egindako itzulpenak eta kantuak ere.

Hirugarren aldia

Monzon-Ganuza saria 2021. urtean eratu zuten, Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenarekin. «Euskal utopikoak» saritzeko sortua, haren helburua da «Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak» omentzea. Lehen ekitaldian Libe Goñi omendu zuten Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak. Iaz, berriz, Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Aiastuik jaso zuten saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.