Udal eta foru hautsekundeak

Xabier Ezeizabarrena hautatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari

EAJren, PSE-EEren eta PPren botoei esker izendatu dute. Sozialistek eta EH Bilduk lehendakariordetza bana eskuratu dute. Popularrek eta Elkarrekin-ek, berriz, idazkari karguak hartu dituzte.

Gipuzkoako Batzar Nagusien Mahai hautatu berria. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko ekainaren 23a
14:20
Entzun

Gaur eratu dute Gipuzkoako Batzar Nagusien Mahaia, eta, berriro ere, Xabier Ezeizabarrena jeltzaleak hartu du lehendakari kargua. Ezeizabarrenak gehiengo osoa eskuratu du, aldeko 27 botorekin. Alderdi sozialistak eta popularrak jeltzaleen aukera babestu dute.

EH Bilduk Zelai Amenabarro aurkeztu du hautagai gisa. Elkarrekin Podemos - IU Equo Berdeak Alianza Verde koalizioak aukera hori babestu du. Halere, EH Bilduren 22 batzarkideen botoak eta Elkarrekin-eko bienak ez dira nahikoa izan hautagai jeltzalea gainditzeko.

Mahaiko gainerako karguak beste alderdien artean banatu dituzte. Lehendakariordetzei dagokienez, Jesus Zaballos sozialistak eskuratu du lehena. Bigarren lehendakariordea, ostera, Estitxu Elduaien izango da (EH Bildu). EAJ eta PSE-EEren babesarekin, PPk lehen idazkaritza lortu du, eta Jorge Motak hartuko du kargua. Bigarren idazkaria Elkarrekin-eko Marivi Eizagirre izango da.

Ezeizabarrena lehendakari hautatuak goraipatu egin du Mahaia bost alderdietako kideek osatzea : "Bila ditzagun akordioak guztion artean Gipuzkoaren alde, gipuzkoarrei aurrera egiten lagunduko dieten politiken bidez".

Gipuzkoako ganberan EH Bilduk du gehiengoa, 22 batzarkiderekin. Atzetik daude EAJ (17) , PSE-EE (7), PP (3) eta Elkarrekin (2). Halere, jeltzaleen, sozialisten eta popularren baturak gehiengo osoa lortzeko aukera eman die.

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko bozeramaileak eta Jose Ignacio Asensio PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak aurreko astean egindako proposamena babestu dute. Jeltzaleen bozeramailearen arabera, EH Bilduk "zapuztu" egin du Batzar Nagusietako lehendakaritza eskuratzeko aukera. Izan ere, joan den astean, EAJko bozeramaileak esan zuen Batzar Nagusietako Mahaian bost alderdiek izango zutela ordezkaritza, «handienetik txikienera, hurrenez hurren aukeratuta». Hori gertatu izan balitz, Batzar Nagusietako lehendakaria EH Bildukoa izango litzateke.

Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, ordea, beste ikuspegi bat du, eta ez du eskaintza bezala ikusten joan den astean proposatutakoa: "Batzar Nagusietako lehendakaritza ezin dute eskaini; EH Bilduri dagokio", esan zuen BERRIAk eginiko elkarrizketan. Iriarteren esanetan, PP akordioetan sartu eta gero "aurpegia garbitzeko" modua zen proposamena. Azkenean, PP Mahaian sartu da, eta lehendakaritza jeltzaleek eskuratu dute, alderdi sozialistaren eta alderdi popularraren babesarekin.

EAJren, PSE-EEren eta PPren arteko akordioa gaitzetsi dute Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk. Koalizio subiranistak honakoa argitaratu du bere Twitter kontuan: «EAJk eta PSEek azaldu beharko dute zergatik nahiago izan duten Ayuso, Vox eta enparauak indartzea, m28an gipuzkoar gehienek erakutsitako nahia errespetatzea baino». Bestalde, Miren Etxebeste Elkarrekin-eko Gipuzkoako bozeramaileak salatu du EAJk, PSE-EEk eta PPk "akordio kontserbadore eta eskuindarra" lortu dutla Batzar Nagusien Mahaiaren aukeraketan gainera, gehitu du horrek lurraldea aurrerapen eta ezkerreko politika guztietatik urrunduko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.