Atzo hil zen, Azkainen (Lapurdi), Xabier Zumalde, El Cabra ezizenez ere ezaguna (Zornotza, Bizkaia, 1938 - Azkaine, Lapurdi, 2023). ETAko lehen arduradun militarretako bat izan zen, baina oso goiz bereizi zen erakundetik. Jatorriz Oñatikoa zen (Gipuzkoa). ETAko kide zen 1965. urteko IV. asanbladan erakundeak indarkeriaren erabilera onartu aurretik. 1965ean izendatu zuten arduradun militar, baina, 1966rako, Los Cabras izeneko talde autonomoko kide zen. Azken urteetan, mugimendu abertzaletik urrunduta bizi izan da.
Urte haietako ekintza sonatuenetako batean. Garai herria (Bizkaia) hartu zuen talde horrek, 1966ko Maiatzaren Lehenean. 1968. urtean, Donibane Lohizunera erbesteratu zen, eta Franco diktadorea hil ostean onartutako amnistia orokorraz baliatu zen Hego Euskal Herrira itzultzeko. EAJko kide izan zen hurrengo urteetan, baita Ertzaintzako instruktore ere.
Hainbat liburu idatzi zituen Zumaldek, eta 2004. urtean ETAk frankismoan izandako jardunaren inguruko museo txiki bat ere egin zuen Arteagan (Bizkaia). Egitasmo hark, ordea, kritika ugari izan zituen; bi aldiz itxi zuten, bi aldiz ireki zuen berriro Zumaldek, baina, hirugarrengoan, amore eman behar izan zuen. Han, arropak, dokumentuak, kartelak, frankismoaren aldeko seinale apurtuak, arma batzuk eta zulo moduko bat zeuden ikusgai.