Gatazkaren ondorioak. Euskal presoak

«Xantaiatzat» jo dute Iparragirre Arrasatera lekualdatzeko erabakia

Hala ere, Espetxe Zaintzako epailearen neurria onartu egingo dute, «denbora bukatzen» ari delakoan. Etxerat elkarteak iragarri du euskal presoa «etxera ekartzeko ahal den guztia» egingo dutela

Ibon Iparragirre euskal presoaren ama, Angelita Burgoa, eta Etxerat elkarteko bozeramaile Urtzi Errazkin, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Bidegabetzat jotzen duten aukera onartu —Ibon Iparragirre Arrasateko (Gipuzkoa) erietxe batera lekualdatzea eta hango gune itxian atxikitzea— edo orain arte bezala jarraitu, denbora ahitzen ari dela jakinda. Bi aukera horien artean hautatu beharrean daude gaixo handi den Ibon Iparragirre presoa eta haren senitartekoak, Jose Luis Castro epailearen azkeneko autoaren ostean. Etxerat elkarteak «xantaiatzat» jo du hori, eta iragarri dute bidegabetzat jotzen duten aukeraren alde egingo dutela, euskal presoaren hobe beharrez eta «haren egoerak premiazko hobekuntza» behar duela iritzita, baina berretsi dute «ahal duten guztia» egiten jarraituko dutela Iparragirre bere etxean egon dadin.

Joan den astean plazaratutako autoan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok ez zuen aintzat hartu Ibon Iparragirre baldintzapean aske uzteko eskaera. Presoak hiesa du, 3C fasean—estadiorik aurreratuenean, hain zuzen—, eta, autoan bertan jasotzen diren mediku azterketen arabera, defentsa kopurua oso apal du, eta, horren ondorioz, edozein infekziok heriotza ekar diezaioke. Baldintzapean aske utzi ordez, Castrok erabaki zuen presoa Arrasateko Aita Menni erietxera bidaltzea eta hango gune itxian atxikitzea.

Etxerat-eko bozeramaile Urtzi Errazkinek esandakoaren arabera, Iparragirrek «baldintza guztiak betetzen ditu espetxe arautegiaren 102.2 artikulua ezarri eta baldintzapean aske uzteko. Epailearen erabakia ikusirik, legedia ez dutela betetzen diogu».

Horren ordez Iparragirre erietxe batean preso atxikitzea eta senitartekoei neurri hori ala oraingo egoera hautatzera behartzea «xantaia» eta «krudelkeria» da, Etxerat-en aburuz, «Iparragirreri denbora bukatzen ari zaiolako eta, muturreko egoera dela eta, osasuna kaltetzearen ondorio batzuk konponezinak direlako».

Iparragirreren ama Angelita Burgoak ere salatu du egoera, Etxerat-ekin Bilbon emandako prentsaurrekoan. «Pentsatzen genuen gorabehera arinagoa izango zela eta etxera ekarriko genuela». Horren ordez, Arrasateko erietxera bidaliko dute, eta, han «hobeto» egongo dela jakin arren, Burgoak argi du «ondo» ez dela egongo. Susmoa du semea nahita atxiki dutela kartzelan ahalik eta gehien, eta, Arrasatera ekartzen badute, «denbora gutxirako» izango dela. «Gustatuko litzaidake gelditzen zaion denbora etxean eman ahal izatea». Madrilen «krudeltasuna» ere salatu du Burgoak: «Ospitalean beharbada ondo zainduta egongo da, baina ez da etxekoekin egongo».

«Gezur handi bat»

Iparragirreren abokatu Iñaki Goioagak adierazi du Castroren autoan «gezur handi bat» eraiki dela baldintzapeko askatzea ukatzeko. Goioagaren arabera, bi argudio eman ditu Espetxe Zaintzako epaileak horretarako: alde batetik, nabarmendu du Iparragirrek uko egiten diola botikak hartzeari —Goioagaren ustez, «datu hutsala» da hori, mediku azterketa guztiak bat datozelako presoaren egoerak ez duela konponbiderik; Iparragirrek ez ditu hartzen, ondoeza eragiten diotelako—, eta, beste aldetik, presoaren «arriskua» ere aipatu du.

Azkeneko argudio horri heldu dio Goioagak; gogoratu du Iparragirre bi urte eta erdiz egon zela zigorra etxean betetzen inolako arazorik gabe, eta ETAk borroka armatua laga duela eta armagabetu dela. «Arriskuarena aitzakia hutsa da», esan du abokatuak. Ohartarazi du ez dakitela lekualdatzea noiz egingo duten —«segurtasun arrazoiengatik, abokatuok eta senitartekoek inoiz ez dugu jakiten lekualdatzeak noiz egingo dituzten», argitu du—, eta berretsi du legezko bide guztiak jorratuko dituztela Iparragirre etxera ekarri ahal izateko.

Batez ere, bi bide aztertzen ari dira: gradua berrikustea —sei hilabetean behin egiten da— edo epaia eman zuen epaitegiari zigorra eteteko eskatzea. Baina arazo bat dago: biek ala biek denbora behar dute, dokumentazio guztia, mediku txostenak barne, berriro igorri beharko lituzketelako: «Biderik laburrena zein den aztertuko dugu, Ibonek ez duelako denborarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.