Espero zezaketen albisterik okerrena jaso dute gaur Xeyko langileek enpresako zuzendari nagusi Juan Fanorekin egin duten bileran: zorrei aurre egiteko ahalmenik gabe gelditu omen da enpresa, eta, diru sarrera berririk iritsi ez denez, datorren astean enpresa ixteko txostena aurkeztu beste aukerarik ez zaiela gelditzen. Maiatzean mobiliziazioekin hasi zirenetik langileek beti esan dute enpresa bideragarria dela, eta lanpostuei eusteko konpromisoa eskatu diete akziodun nagusiei; besteak beste, Eusko Jaurlaritzari. Baina enpresak zor handiak ditu (30 milioitik gora), eta haiei aurre egin ezinik gelditu da, akziodunek diru gehiago ez jartzea erabakita.
TSko eredua
Itxiera txostena datorren astean aurkeztuko du enpresak. Epaileak onartzea da normalean, eta, behin autoa kaleratzen duenean, enpresa likidatzeko prozesua hasiko da. Enkantera aterako da, eta gelditzen zaien itxaropena da jarduerarekin segitzeko asmoa duen erosle bat agertzea. Horixe da langileek landu nahi duten bidea, eta horretarako bilerak egin nahi dituzte administratzaile konkurtsalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Enpresa likidatzeko garaian, Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote erosleren bat aurkitzeko ahalegina egin dezala, eta baldintzen artean lehenestea lanpostuak, TS fundizioarekin egin zen bidetik. Bestalde, salatu dute oraindik ere ez daukatela enpresaren datu ekonomikoen berri. Informazioa eskuratzen saiatuko direla iragarri dute, enpresaren gainbehera ekonomikoan administrariek zer-nolako erantzunkizuna izan duten argitzeko.
Behin itxiera txostena indarrean sartzen denean, langileentzat egoera ez da batere erraza izango, eta litekeena da FOGASAra jo behar izatea zor zaien diruaren zati bat kobratzeko. Dena den, langile askori hamabi soldata zor dizkie enpresak, eta FOGASAk gehienez lau baino ez ditu ordaintzen. Kalte-ordainari dagokionez, 20.000 euro ordaintzen ditu FOGASAk gehienez, lan egindako urteen arabera. Xeyren kasuan, kontuan hartuta finantza erakundeekin daukatela zorra eta enpresa erabat hipotekatuta daukatela, salmenta posible batetik lortutako dirua aurrerantzean zorra kitatzera bideratuko litzateke. Xeyk 170 bat langile dauzka, haietako gehienak, 140 inguru, Oikiako lantegian.