EUSKARA

Xiberoots taldeak egin du Herri Urratsen kantua

Andoni Basterretxea Urreisti Delirium Tremens taldeko abeslariak ere parte hartu du abestian. Bosgarren kolegio bat babesteko izanen da aurtengo Herri Urrats: 300.000 euro lortu nahi dituzte.

2021eko apirilaren 9a
11:49
Entzun

Aurten ere ezinen da urtero bezala egin Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolen aldeko besta, baina antolatzaileek aitzina egitea erabaki dute, halere. Maiatzaren 9rako jarria dute data, eta, urtero bezala, Herri Urratsen kantua aurkeztu dute aurten ere: Baga, Biga, Boga izena du abestiak, eta Xiberoots taldearenak dira hitzak, konposizioa eta musika bera. Kolaborazio bat ere badute: Delirium Tremenseko Andoni Basterretxea Urreistirena. Grabaketa, nahasketa eta masterizazioa Elkar estudioetan egin dituzte, Victor Sanchez teknikariarekin, eta bideoklipa Kestu produkzioetako Gabriel Courty Villanua eta Julen Riderrek atondu dute. Ikus-entzunezkoan Lapurdiko Arraun Taldea eta Sarako Olhain ikastolako (Lapurdi) neska-mutilak ageri dira.

Aurtengo Herri Urrats Ipar Euskal Herriko euskarazko bosgarren kolegioa eraikitzeko baliatu nahi dute, eta, horretarako, 300.000 euro lortzea dute helburua. Boga kanpaina abiatu dute horretarako, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, diruaren %12 lortua dute jada. Internet bidez egin daiteke ekarpena, Herri Urratsen webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.