Auzitegi Nazionalak bere gain hartu du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari 2011n tartak jaurti zizkieten lau lagunen epaiketa. Auzipetuen abokatuak defendatu zuen gertatutakoa aztertzeko eskumena Frantziako auzitegiei zegokiela —Okzitaniako Tolosan bota zizkioten tartak—, baina argudio hori baztertu du Auzitegi Nazionalak.
Gainera, abokatuak argudiatu zuen Frantziako epaitegiek auzia aztertu eta artxibatu egin zutela. Horren aurrean, Auzitegi Nazionalak ebatzi du ez dagoela "inolako arriskurik gertaera berdinengatik bi aldiz zigortuak izateko", iritzita Frantziako auzitegiek ez zutela esan tartak jaurtitzea delitu zenik.
Blanca Rodriguez fiskalak eta Barcinaren abokatuak eskatu zuten auzia Espainian ikertzeko, Barcinak nahiz tartak bota zizkiotenek Espainiako herritartasuna dutela eta. Fiskalak bosna urteko espetxe zigorra eta 2.700 euroko isuna eskatu du lau auzipetuentzat, "autoritatearen kontrako atentatua" egitea egotzita.