indarkeria matxista

Yolanda Jaen Gomez

Iruñea, 2018ko urriaren 23a.

2018ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko Kale Nagusiko 55. atariko pisu batean bizi zen Yolanda Jaen Gomez, amarena zen etxean. 2018ko urriaren 16ko goizaldean, emakumearen bikotekideak su eman zion etxeari. Sutea piztu zuen gizona —Roberto Dominguez Domingo, 47 urtekoa— ere zauritu egin zen, baita udaltzain bat eta etxe berean bizi ziren lau auzo ere. Justu iritsi ziren suhiltzaileak, eta Yolanda Jaen erredura larriekin aurkitu zuten; Zaragozako (Espainia) Miguel Servet ospitalera eraman zuten, erredurak artatzeko unitate berezira.

Hasieran Iruñeko Instrukzio Epaitegiak hartu zuen gertakaria ikertzeko ardura, baina aurki ohartu ziren suteak indarkeria matxistarekin zerikusia izan zezakeela. Roberto Dominguez kartzelan egona zen 2013 arte, tratu txarrengatik zigortu zuten 2016an, eta Jaenengandik urruntzeko agindu bat ere ezarri zioten —emakumea hil baino sei hilabete lehenago iraungi zen zigor hori—. Sutea nahita piztu zuela susmatuta, Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Epaitegiaren esku jarri zuten kasua, eta hark urriaren 22an agindu zuen gizona atxilotzeko. Yolanda Jaen hurrengo egunean hil zen, urriaren 23an, Zaragozako ospitalean. 50 urte zituen.

Gizonari urruntze aginduaren epea bukatu zitzaionean bikotea berriro elkarrekin bizitzen jarri zen, urte hartako ekainean. Ikerketak gero argituko zuenez, gizonak likido sukoi bat bota zion emakumeari, hura lo zegoela, eta su eman zion. Erasotzaileak berak aitortu zuen jakitun zela «oinaze jasangaitza» eragingo ziola andreari, eta «bizkor» ibili zela, emakumeak «bere burua defenditzeko aukerarik izan ez zezan».

2020ko urrian, hiltzaileak eta akusazioek akordioa egin zuten, eta Dominguezek 22 urteko kartzela zigorra onartu zuen, hilketa bere gain hartuta. Akordioan aringarri gisa jaso zuten gizonak alkohola eta beste substantzia batzuk kontsumitu izana eta horrek bere ulermen gaitasunean eragina izan zuela ondorioztatu zuten.

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarren eta Instituzioen Harremanetarako kontseilariak, egun haietan adierazi zuen legeak eta protokoloak berrikusi egin behar zirela: «Errealitateak erakusten du gertakari hauek errepikatzeko joera dutela, eta behin era honetako prozedura bat hasten denean [gizonaren aurkako urruntze aginduaz ari zen], oso probablea dela errepikatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.