Euskal presoak

Yusteren hitzak "onartezinak" eta "oso larriak" direla erantzun dute Herrira-k eta Etxerat-ek

Yustek dio presoen bisitarako bidean izaten diren istripuen ardura "errepidean jartzen direnena" dela, eta presoek ez dutela eskubiderik zigorra "nahi duten tokian" betetzeko. Herrira-ren hitzetan "errespetu falta ikaragarria" dira Yusteren hitzak. Etxerat-ek ohartarazi du hurkoak ikusi ahal izatea eskubidea dela, eta sakabanaketak eragindako istripuetan 16 lagun hil direla gogoratu du.

Berria.info
2013ko ekainaren 25a
19:59
Entzun

"Arreta egokia" jasotzen dute gaixotasun larriak dituzten presoek, Angel Yuste Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiaren esanetan. Sakabanaketak eskubideak urratzen dituela ukatu du, eta presoen senitartekoak egin ditu hark dakartzan istripuen arduradun. 

Espainiako Kongresuko Barne Gaietako Batzordean egin ditu hitzok Angel Yuste Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak, Amaiurrek gaixo dauden euskal presoen egoerari buruz egindako galderari erantzunez.

Sakabanaketa, hizpide

Iker Urbina Amaiurreko diputatuak esan dio espetxeetako osasun sistema ez dagoela prestatuta zenbait gaixotasun behar bezala artatzeko. Sakabanaketaren ondorioz egoera okertu eta "errusiar erruleta bat" dela esan dio, gainera, Urbinak. 

Yustek erantzun dio sakabanaketak ez dituela eskubideak urratzen: "Presoek ez dute eskubiderik zigorra nahi duten tokian betetzeko". Eta, gainera, presoen senitarteko eta lagunen gain jarri du bisitetara bidean gertatzen diren istripuen ardura: "Errepidean jartzen denaren ardura dira istripu horiek".

Sakabanaketari eusteko asmoa berretsi du gainera, "ETAk presoak kontrolatzen dituen bitartean".

Herrira eta Etxerat, suminduta

Sumindu egin dute Herrira Yusteren hitzek: "Errespetu falta ikaragarria dira sufrimendua besterik eragiten ez duen salbuespeneko espetxe politika honen ondorio zuzenak pairatzen dituzten milaka euskal herritarrengana".

Presoak zein horien hurkoak "arriskuan jartzen dituen errusiar erruletaren apologia" egitea egotzi dio Yusteri, eta sakabanaketak zein espetxeetako osasun asistentzia desegokiak "hamarnaka euskal herritarren bizitza" eraman dutela ohartarazi du.

Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte

"Oso larriak dira gaur Yustek egindako adierazpenak", esan du Etxerat-ek: "Sakabanaketa ez da gure ardura; gure senide eta lagunak ikusteko dugun eskubidea eta eurek gurekin komunikatzeko duten eskubidea urratzen duen betebeharra da guretzat".

"Gure bizitzak arriskuan jartzera behartuak gaude, gure osasuna milaka kilometroko bidaietan galduz, xahutze ekonomiko izugarria jasanez", esan diote. Areago, sakabanaketak eragindako auto istripuetan 16 lagun eta senide hil direla gogoratu du.

Gauzak horrela, indarrean dagoen espetxe politika aldarazteko mobilizatzeko eskatu diete herritarrei, bai Etxerat-ek, bai Herrira-k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.