Zabaletak dio hiru legebiltzarkideek Aralar ez uzteko aukera badagoela

Haren esanetan, ez dute zertan Aralar utzi, baina zuzendaritzarekin hitz egiteko baldintza kargua uztea da

joxerra senar
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Aralarreko zuzendaritzaren eta Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe eta Mikel Basabe legebiltzarkideen artean pitzatu egin da konfiantza. Hala ere, Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak egoera onbideratzeko itxaropena agertu du. Atzo goizean ETBri eskainitako elkarrizketan, karguak uzteko exijentzia berretsi zuen. Zabaletaren arabera, baldintza hori «formula bat da» euren arteko elkarrizketari berrekiteko eta ostiralean Eusko Legebiltzarrean gertatutakoa aztertzeko. Argi utzi nahi izan du kargua uzteak ez duela esan nahi alderdia uzteko atea irekitzen zaienik. Aralarreko zuzendaritzak arratsaldean aho batez erabaki zuen Erostarbe, Ezenarro eta Basabe bilera batera deitzea kargua uzteko prest diren edo ez azal dezaten. Hain justu ere, hiru legebiltzarkideek hemendik aurrera hartuko duten jarreraren berri emango dute gaur Gasteizen.

Zabaletak «Aralarren koherentzia politikoa» defenditu du irmo.Eusko Legebiltzarrean bakegintzarako lantalde bat sortzeko proposamena Aralarrek berak aurkeztu bazuen ere, haren esanetan, ostiralean onartu zen proposamenak ez du zerikusirik Aralarrek hasieran bultzatutakoarekin. Izan ere, lehen proposamenak printzipio gisa hartzen zuen «bazterkeriarik gabeko elkarrizketa», baina ostiralean legebiltzarrean PPk, EAJk, PSE-EEk eta Aralarreko hiru legebiltzarkideek onartutakoak ez du aintzat hartu printzipio hori, haren ustez: «Horregatik, ez du ezertarako balioko lantalde horrek». Zabaletak gaineratu duenez, lantaldearen zeregin bakarra izan da orain arte bakegintzan ezer gutxi egin duten alderdiei babes politikoa ematea.

PPren jarrera erakusgarri

Hori erakusteko, Zabaletak gogora ekarri du Antonio Basagoitik Patxi Lopezi egun batzuk lehenago egin zion ohartarazpena—«edo Batasuna edo gu»—. Zabaletaren ikuspuntutik, lantaldera Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Donostiako alkatea gonbidatuagatik, «hori ez da berdinen arteko elkarrizketa». Ostiralean bertan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, bazterkeriarik gabeko elkarrizketaren aldeko adierazpen instituzionalaren kontra bozkatu zuen PPk, eta horrek aditzera ematen du legebiltzarreko ekinaldiak bazterketa duela oinarri.

Hain justu ere, bi ekinaldiak babestu egin zituzten EAJk eta PSE-EEk, baita duela aste batzuk «irabazleez eta galtzaileez hitz egiten duen» Kongresuko adierazpena ere. Zabaletaren arabera, bi alderdi horiek ez dute koherentziarik. «Edozer gauza bozkatzen dute edozer tokitan». Arrazoitu duenez,egungo garai politikoan «lasaitasuna eta errespetua behar dira, bai alderdi barruan bai alderditik kanpo».

Zabaletak azpimarratu du Aralarren jarduera politikoan eta batez ere bakegintzaren alorrean ekinaldi orok printzipio politiko batzuei erantzun behar diela. Horregatik, funtsezkotzat jotzen du hiru legebiltzarkideek ostiralean egindakoa berraztertzea. «Ondorioak pairatu izan baditugu ere, bakegintzari eta normalizazio politikoari dagokionez, erakutsi dugu edozeini aurre egiteko gai garela. Printzipioetan inork ez gaitu garaitu orain, eta inork ez gaitu garaituko etorkizunean».

Horregatik, Aralar ados zegoen bakerako lantalde bat sortzearekin, baina ez dago ados hasierako proposamenaren gain egin diren aldaketekin. «Min egin digu legebiltzarkideek egindakoak». Zabaletaren irudiko, egungo garai politikoan «koherentziari eta printzipio politikoei eutsi behar zaie, hori delako etorkizunaren alde lan egiteko modua».

Militante gehienak alde

Aralar zatitzeko arriskua dagoela ukatu egin du Zabaletak. «Iritzi desberdinekiko errespetuz jokatzen ari gara. Biltzarretan militanteen %70 ingururen babesa jaso genuen. Hainbat biltzar egin ditugu, eta demokratikoki hainbat aukera aztertu dira, eta behin akordioak hartuta, bere egunean zalantzak zituen jende askok ere babesa eman dio». Zabaletaren arabera, Aralarrek hartu duen bidea «zalantzarik gabe» babestu egiten dute militanteen %95ek.

Aralarreko koordinatzaile nagusiak oroitarazi du bere burua ezker abertzalekotzat izan duela beti alderdiak, eta etorkizuneko ezker abertzalea eraikitzeko bidean baldintza gisa bakegintza eta normalizazio politikoa jarri izan dituztela aspaldidanik: «Bidea geratzen da egiteko, baina orain arte egin diren urratsak oso garrantzitsuak dira, eta arrazionaltasunetik ezin dira ahaztu». Bide horretan Aralarrek bere ekarpenak egin ditzazkeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.