«Gure arerio politikoak zeintzuk diren argi dugu: UPN eta PP dira». Nafarroako hainbat udaletako zein Parlamenturako 2011ko Nafarroa Bairen hautagaiak atzean zituela, Berriozarko musika eskolan egindako ekitaldi politikoan Patxi Zabaleta presidentegaiak aldarrikatu zuen Nafarroan aldaketarako aukera bakarra Nafarroa Baik hurrengo hauteskundeak irabaztea dela. «Arrakastaren giltza da geure buruengan sinistea eta pentsatzea NaBai ezinbestekoa dela». Haren ustez, Iruñean zein Nafarroan aldaketaren aukeraren buruzagitza hartu behar du: «Oraingoan bai, hau da ona». Zabaletaren irudiko, egungo NaBaik soilik du ahalmena borondateak biltzeko eta akordioak egiteko. «Sanzek eta Barcinak oposiziora pasatu behar dute».
Eguerdian hasitako ekitaldiak musika eskolako aretoa bete zuen. Zabaletaren aurretik, Uxue Barkos Iruñeko alkategaia mintzatu zen, eta azken hilabeteetan izandako tira-bira guztiak gogoan izan zituen adierazterakoan NaBaik «etsai gehiegi» izan dituela. «Koalizioaren aurka tematu dira kanpotik eta batzuetan barrutik». Hala ere, iragana atzean utzi eta «etorkizuna irabazteko» deia egin zuen Barkosek. «Erronken erronka» deitu dio zereginari.
Bai Zabaletak bai Barkosek beren diskurtsoko kritikak PPri, PSNri eta bereziki UPNri zuzendu dizkiete. Patxi Zabaletak iragarri du «hauteskunde kanpaina zikina» datorrela, eta horren harira aurreratu du Aralarrek, EAJk eta independenteek osatutako 2011ko NaBai ez dela kritiken jokoan sartuko: «Guk kanpaina garbia egingo dugu, eta eraso guztiei erantzungo diegu, etikak eta moralak ezarritako printzipioetan oinarrituta».
UPNren aurka «etikaren liburuarekin» jardungo dutela politikan zin egin du Zabaletak. «Garai oparoetan UPNk Nafarroa zorpetu du, eta zerbitzu publikoek okerrera egin dute nabarmen», salatu du. Aurreko hauteskundeen ostean gertatutakoa ere gogoan izan du Zabaletak. PSNk Sanzen inbestidura babesteaz gain, legealdi osoan «Nafarroako eskuinak ezarri dizkion baldintzetan eta tranpetan» erori da «behin eta berriz». Adierazi du hautesleek ez dietela utziko berriro «2007an eginiko jokaldi makurra» egiten.
Iruñea berreskuratu beharra
Bere hitzaldian, Uxue Barkosek aldarrikatu du azpiegituretan eta aparkalekuetan oinarritutako UPNren udal politikaren aldean Iruñeak bere harrotasuna eta nortasuna berreskuratu beharra duela. «Nortasuna lapurtu digute; errealitatea faltsutu dute hainbeste, jendeak jada ez du bere hiria ezagutzen, ez ditu bere usadioak ezagutzen, lapurtu egin dizkiotelako eta sortutakoak gezurrezkoak direlako».
Nafarroa Bai markarekin sortu den auziari ere egin dio erreferentziarik Barkosek. Azpimarratu du izena baino gehiago izana dela garrantzitsua: «Ez dakit zer izen hartuko dugun, ez dakit nola deituko garen, baina berdin zait». Ondo egindako lana eta sakrifikatzeko gaitasuna aldarrikatu ditu Barkosek.
Zabaletak dio NaBaik bozak irabaztea dela UPN oposiziora bidaltzeko giltza
Berriozarren egindako ekitaldi politikoan, Zabaletak eta Barkosek aldarrikatu dute UPN dutela arerio nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu